ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa

Gaur, 2022ko martxoak 6, 50 urte betetzen dira Arrasate Errugbi Taldea sortu zela, eta ospakizunak aurreratu dituzte seniorrek, atzo –zapatua- garaipena ekarri baitzuten Bilbotik.  Julen Barrutiaren mutilek Uni Bilbori egin zioten bisita Euskal Ligako 1. mailako 14. jardunaldiaren baitan, eta arrasatearrak 10-31eko emaitzarekin nagusitu ziren.

Partidua, baina, ez zen nahi bezala hasi Kanpanzar Arrasaterentzat, 10. minuturako aurrea hartu baitzuten markagailuan etxekoek.  5-0ekoaren ostean, baina, Barrutiaren mutilen erreakzioa berehala etorri zen, bi minutu beranduago Dolarak entsegua egin eta Arizaletak ez zuen hutsik egin transformazioa gauzatzerako orduan, markagailua irauliz (5-7).  Hortik aurrera indarrak parekatuta egon ziren, baina lehen zatiaren azken txanpan bisitariek bigarren entsegua lortu zuten, oraingo honetan Andoni Narbaizaren eskutik, eta 5-14koarekin hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeek.

Bigarren zatia hasi eta berehala Beñat Salaberrik Kanpanzar Arrasateren hirugarren entsegua lortu zuen, oraingo honetan ere Arizaleta ostikoa ematerako orduan berriro ere eraginkor aritu zela, eta hamar minutu berenduago jaurtitzaile zuri-moreak bisitarien abantaila handitu zuen (5-24) zutoinen artera bidalitako zigor kolpe baten bitartez.  Partidua amaitzear zela Asier Delgadoren entseguak arratsaldea biribildu zuen, eta oraingo honetan transformazioa gauzatzearen ardura Heiko Moralesek hartu zuen.

Gauzak horrela, garaipen berri honekin tinko eusten dio sailkapen buruko multzoari Kanpanzar Arrasatek, jarraitzaileekiko abantaila handituz.  Lau partidu baino ez zaizkio geratzen talde zuri-moreari liga erregularra amaitzeko:  Errioxak, Elorriok eta La Unicak bisitatuko dute Mojategi datozen asteetan eta, kanpoan jokatuko duten partidu bakarrean, Barrutiaren mutilek Atletiko San Sebastiani egingo diote bisita.

Uni Bilboren kontra Mojategin jokatutako partiduan hartutako irudia.
Categorías: Seniorrak

0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *