ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa

Astebeteko etenaldiaren ostean baloia berriro ere martxan jarriko da Euskal Ligako 1. Mailan eta, asteburu honetan jokatuko den 14. jardunaldiaren baitan, Arrasate Errugbi Taldek seniorrek Uni Bilbori egingo diote bisita.  Bizkaitarren eta gipuzkoarren arteko norgehiagoka zapatu arratsaldean jokatuko da El Fango errugbi zelaian, 16:00etan hasita, eta bertan Julen Barrutiaren mutilek azken asteetako bolada onari jarraipena ematea bilatuko dute.

Kanpanzar Arrasatek hiru partidu baino ez ditu galdu aurtengo denboraldian, eta azken lau jardunaldietan jaun eta jabe izan da neurketa guztietan.  Gauzak horrela, ikasturtea amaitzeko azken laurdena baino ez denean falta, sarrailagileak hirugarren sailkatuak dira 46 punturekin, euren jarraitzaile gertukoen Errioxarekiko 10 puntuko abantaila dutela.  Aurretik La Unica eta Elorrio daude, 59 eta 55 punturekin, hurrenez hurren.

Gauzak horrela, arrasatearrak denboraldia biribiltzen jarraitzeko helburuarekin joango dira El Fangora.  Jokatutako 15 partiduetatik bost irabazita, zazpigarren postuan da Uni Bilbo 27 punturekin, Sarako Izarrarekin berdinduta.  2022a estreinatu zenetik bost partidu jokatu ditu Uni Bilbok, bi garaipen baino ez dituela eskuratu.

Bilbora egin beharreko bisitaren ostean beste lau partidu baino ez zaizkio geratuko Kanpanzar Arrasateri liga erregularra amaitzeko:  Errioxak, Elorriok eta La Unicak bisitatuko dute Mojategi eta, kanpoan jokatuko duten partidu bakarrean, Barrutiaren mutilek Atletiko San Sebastiani egingo diote bisita.

Kartelera

Seniorrek bezala, 14 urtez azpikoek ere zapatuan egingo dute salto berdegunera, 13:00etatik aurrera Mojategin Bera Bera B-ri aurre egiteko.  Domekan 16 urtez azpikoen txanda izango da, Iruñeari egingo baitiote bisita 11:00etatik aurrera.  Eta egun berean, baina 10:00etan hasita.  Errugbi Eskolako neska-mutikoek Eibarren izango den topaketan hartuko dute parte.

Uni Bilboren kontra Mojategin jokatutako partidua.

0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *