ISEI BARBERO / Argazkiak: Goiena

Arrasate Errugbi Taldearen 50. urteurrena ospatzen dugun honetan, senior mailako taldeak Durango hartu du zapatu arratsaldean Mojategin eta, norgehiagoka parekatuaren ostean, Julen Barrutiaren mutilak nagusitu dira 21-10eko emaitzarekin.  Modu honetan talde arrasatearrak tinko eusten dio sailkapen buruko multzoari, gaurkoan arerio izan duen aurkari zuzenarekiko abantaila handituz.

Norgehiagoka ondo hasi da etxeko taldearentzat, partidua hasi eta ordu erdia pasata 15-3 baitzen aurretik Kanpanzar Arrasate.  Atsedenaldira joan baino lehen, ordea, Durangok arratsaldeko lehenengo entsegua lortu du, berriro ere partiduan sartuz.  Gauzak horrela, aurreneko 40 minutuak agortuta 15-10eko emaitzarekin hartu dute aldageletarako bidea bi taldeek.

Bigarren zatian partiduak parekatuta jarraitu du, baina Barrutiaren mutilak eraginkorrago aritu dira.  Zutoinen artera bidalitako zigor kolpe baten bitartez bizkaitarrekiko abantaila handitu dute eta, zenbait minutu beranduago, modu berean amaierako 21-10ekoa ezarri dute markagailuan, 50. urteurreneko ospakizunak biribilduz.

Gauzak horrela, Kanpanzar Arrasatek denboraldiko 10. Garaipena erdietsi du Durangoren kontrako lehian, eta tinko eusten dio hirugarren postuari 46 punturekin.  Zuri-moreek hiru partidu baino ez dituzte galdu ikasturte honetan, eta La Unica eta Elorrio zortzi eta bederatzi puntura dituzte, hurrenez hurren.  Hori bai, nafarrek bi partidu gutxiago jokatuta.

50. urteurrena

Esan bezala, Arrasate Errugbi Taldea 50. urteurrena ospatzen ari da eta, egitarauaren baitan, klub zuri-moreak ekimen berri bat abiarazi du asteburu honetan.  Honen baitan, senior mailako taldeek Mojategin jokatzen dituzten partiduetan ohorezko sakeak burutuko dira, horretarako protagonista ezberdinak aukeratuko dituztela. 

Eta lehenengo ohorezko sakea zapatu honetan burutu dute, Kanpanzar Arrasate eta Durangoren arteko norgehiagokaren atarian.  Bertan, ohorezko sakea klubeko sortzaileek egin dute, Julian Gallok eta Jose Mari Lizaranzuk, hain justu ere.  “Ekimen honekin Arrasate Errugbi Taldearen alde egindako lana ezagutzera eman nahi dugu, klubaren alde egindako guztiak oraindik bizirik dirau eta”, adierazi dute Zuzendaritzatik.

Gallo eta Lizaranzu partidu atarian egindako omenaldia. ARGAZKIA: Goiena
Categorías: Seniorrak

0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *