ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa

Pasa den astean Txingudiri egindako bisitan lortutako garaipen erosoaren ostean, oso bestelako aurkariari egingo diote aurre asteburu honetan Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek.  Julen Barrutiaren mutilek sailkapenean euren hauspoa jarraitzen ari den aurkariari egingo diote aurre, Durangok bisitatuko baitu Mojategi zapatuan.  Bizkaitarren kontrako lehia arratsaldeko 16:30ean jokatuko da, eta bertan sarrailagileek sailkapenean euren atzetik dauden taldeekiko abantaila handitzea bilatuko dute.

Esan bezala, Kanpanzar Arrasateren aurkari zuzena da Durango, bi taldeen artean 11 puntu baino ez baitaude, bizkaitarrek partidu bat gutxiago jokatu dutela.  Joaneko neurketan, Arripausuetan jokatutakoa, Barrutiaren mutilak izan ziren nagusi 18-30eko emaitzarekin.  Liga hasiera gorabeheratsuaren ondoren, eta sarrailagileen kontra jasotako porrot horren ostean, durangarrek norabidea zuzendu dute eta, orduz geroztik, bi partidu baino ez dituzte galdu, azkenekoa pasa den asteburuan Elorrioren kontra Arripausuetan jokatutakoa.

Testuinguru honetan, zapatu arratsalderako Mojategin norgehiagoka parekatua aurreikusten bada ere, zenbakiei erreparatuz faborito izango da Kanpanzar Arrasate.  Garaipena eskuratuz gero aurrerapauso berri bat emango luke sailkapenean talde zuri-moreak, honezkero agian bere jarraitzaileekiko erabakigarria izan daitekeen abantaila lortuz.

Elorrioren zelaian jokatutako partiduko irudia.

Agenda

Asteburu honetan emakumezkoen taldeak atsedena izango badu ere, harrobiak galtzak bete lan izango ditu.  Gauzak horrela, 16 urtez azpikoek ere etxean jokatuko dute zapatuan, baina kasu honetan goizeko 12:00etatik aurrera Uribealdearen kontra.  Baloia ere martxan jarriko da domekan, Errubi Eskola eta inklusiboko neska-mutikoek ohiko lansaioa burutuko baitute goizeko 10:30az geroztik.

Ohorezko sakeak

Arrasate Errugbi Taldeko 50. urteurreneko egitarauaren baitan, klub zuri-moreak ekimen berri bat abiaraziko du asteburu honetatik aurrera.  Honen baitan, senior mailako taldeek Mojategin jokatzen dituzten partiduetan ohorezko sakeak burutuko dira, horretarako protagonista ezberdinak aukeratuko dituztela. 

Eta lehenengoa zapatu honetan izango da, Kanpanzar Arrasatek Durangoren kontrako norgehiagokaren atarian.  Bertan, ohorezko sakea klubeko sortzaileek egingo dute, Julian Gallok eta Jose Mari Lizaranzuk, hain justu ere.  “Ekimen honekin Arrasate Errugbi Taldearen alde egindako lana ezagutzera eman nahi dugu, klubaren alde egindako guztiak oraindik bizirik dirau eta”, adierazi dute Zuzendaritzatik.


0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *