ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek garaipen berri bat erdietsi dute asteburu honetan, zapatuan, Irunen, merezimendu osoz nagusitu eta gero.  Julen Barrutiaren mutilek azken sailkatuari egin zioten bisita eta, espero bezala, aurreikuspenak bete egin ziren Plaiaundin.  Arrasateko taldeak 0-71eko emaitzarekin irabazi zuen, denboraldiko bederatzigarren garaipena erdietsiz. 

Gauzak horrela, Julen Barrutiaren mutilek 42 puntu dituzte jada patrikan, eta tinko eusten diote hirugarren postuari, La Unica eta Elorrioren atzetik.  Hurrengo asteburuan sarrailagileak etxean arituko dira, euren hauspoa jarraituz atzetik datorren Durangok bisitatuko baitu Mojategi.  Bizkaitarrak mendean hartuz gero, ia-ia bermatuta edukiko luke hirugarren postua Kanpanzar Arrasatek.

Nesken porrota

Mutilek ez bezala, emakumezkoen taldeak ezin izan du irabazi, eta garaipenik eskuratu gabe jarraitzen du aurtengo denboraldian.  AGT Arrasate/Ordiziak Gaztediri egin zion aurre Altamiran, kasu honetan ere zapatuan.  Lehenengo zatian etxekoak arabarrei eusteko gai izan ziren, zenbait minutuetan jokalari bat gutxiagorekin aritu baziren ere –epaileak txartel horia erakutsita-, eta atsedenaldira 0-17ko emaitzarekin joan ziren. 

Bigarren zatian AGT Arrasate/Ordiziako neskek borrokatzen jarraitu zuten, eta Eider aretxabaletarrak ere entsegua lortu zuen.  Zoritxarrez, beste behin agerian geratu zen aurkaria eskarmentu handiagoko taldea zela, eta azken emaitza 7-53 izan zen arabarren alde.  Datorren asteburuan ez da emakumezkoen liga jardunaldirik izango, baina martxoaren 13an konbinatu gipuzkoarrak aukera berri bat izango du ikasturteko aurreneko garaipena erdiesteko, kasu honetan Hernaniri egingo dion bisitarekin.

Harrobia

Arrasate Errugbi Taldeko gainontzeko ekipoei dagokionez, 14 zein 16 urtez azpiko taldeek euren partiduak irabazi zituzten zapatuan.  Biek Mojategin jokatu zuten, lehenengoek La Unicaren kontra eta bigarrenek Txingudiren aurka.  Emaitzak 34-5 eta 62-7 izan ziren, hurrenez hurren.


0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *