ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa

Astebeteko etenaldiaren ostean Arrasate Errugbi Taldeko ekipoak bueltan dira, eta galtzak bete lan izango dituzte asteburu honetan.  Etxean arituko diren taldeen artean emakumezkoena dago, Gaztedi Altamiran hartuko duena zapatuan, 12:00etatik aurrera.  Zertxobait beranduago, 16:00etan hasita, Julen Barrutiaren mutilek Txingudiri egingo diote bisita.

AGT Arrasate/Ordiziako neskek denboraldiko aurreneko garaipena bilatuko dute, aurreko jardunaldiaren Uni Bilboren kontra Mojategin galdu eta gero.  Altamira bisitatuko duen taldea taularen erdialdean kokatuta dago 18 punturekin, La Unica liderretik bi puntura baino ez.  Gasteiztarrek jokatutako sei partiduetatik hiru irabazi dituzte, eta bakarra galdu, urriaren 23an Bera Beraren kontrakoa. 

Kanpanzar Arrasateko mutilen egoera oso bestelakoa da, aurkari zuzen Sarako Izarraren kontra lortutako garaipenak emandako konfiantzarekin heltzen baitira Txingudiren kontrako lehiara.  Barrutiaren mutilek kategoriako aurkari ahulenari egingo diote bisita, bi punturekin baino ez azkeneko sailkatuak baitira Plaiaundikoak.  Irundarrek ez dute partidurik irabazi aurtengo ikasturtean, eta tanto gehien jaso duen taldea ere badira.  Testuinguru honetan, Barrutiaren mutilak faborito izango dira zapatuko lehiarako.

Harrobia

Gainontzeko taldeei dagokionez, 14 zein 16 urtez azpikoak Mojategin arituko dira zapatu goizean, 11:00 eta 12:00etan La Unica eta Txingudiren kontra, hurrenez hurren.  Azkenik, Errugbi Eskolako neska-mutikoek Donostiko Kote Olaizola mini estadioan izango den topaketan hartuko dute parte.  Hitzordua domeka goizean izango da, 10:00ak eta 13:00ak bitartean, hain justu ere.

Neskek orain direla 15 egun Uni Bilboren kontra Mojategin jokatutako partiduan hartutako irudia.


0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *