ISEI BARBERO

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek garaipen garrantzitsua erdietsi dute zapatu honetan, Mojategin, Sarako Izarraren aurka.  Iparraldekoak sarrailagileen aurkari zuzenak ziren eta, izerdi dezente botata izan bada ere, Julen Barrutiaren mutilek urrearen balioa duen garaipena lortu dute, sailkapeneko jarraitzaileekiko aldea handitzeko baliagarria dena.  Azken emaitza 30-5 izan da etxekoen alde.

Aurreikusten zen bezala, hasierako 40 minutuetan indarrak parekatuta egon dira oso, eta zutoinen artean bidalitako zigor kolpeen bitartez baino ez da mugitu markagailua.  Lehenengo saiakera Sarako Izarrarena izan da, baina bisitariek ez dute asmatu.  Arizaletak ere kale egin du sarrailagileentzako aurreneko saiakeran baina, bigarrenean eta erlojuak ordu erdia adierazten zuenean, 0-3 jarri du aurretik Kanpanzar Arrasate. 

Lehenengo zatiaren azken txapan etxekoak bi gizon gutxiagorekin aritu dira, epaileak txartel hori bana erakutsi baitie Argoitia eta Gardokiri.  Eta aldageletarako bidea hartu aurretik, lehenengo zatiaren azken jokaldian, Arizaletak zuri-moreen abantaila handitu egin du, oraingo honetan ere zutoinen artera bidalitako zigor kolpe baten bitartez.  Honenbestez, aurreneko 40 minutuak agortuta, Kanpanzar Arrasate 6-0eko abantailarekin joan da atsedenaldira.

Bigarren zatia hasi eta berehala Barrutiaren mutilek kolpe berri bat eman dute, berriro ere zigor kolpe batez baliatuz (9-0).  Bost minutu beranduago, baina, eta modu igualean, iparraldekoen erantzuna iritsi da (9-3).  Bisitarien kolpe horrek, ordea, talde zuri-morea suspertu egin du, eta hortik aurrera etxekoen erakustaldia iritsi da, Mojategin batutako zaleen gozamenerako.  20 minututan Barrutiaren mutilek hiru entsegu egin dituzte, guztiak transformatuz, eta amaierako 30-3koa ezarriz.

Esan bezala, Sarako Izarraren aurka lortutako garaipenak urrearen balioa du, Iparraldekoekiko abantaila handitzeko baliagarria baita.  11 partidu jokatu eta gero Kanpanzar Arrasate hirugarren sailkatua da 37 punturekin, Elorrio liderretik bederatzira.  Atzetik, Errioxa eta Durango daude 26na puntura berdinduta; Sarako Izarrak eta Uni Bilbok, berriz, 22na dituzte.  Hurrengo asteburuan ez da liga jardunaldirik izango, baina bi aste barru sailkapen zuloan sartuta dagoen Txinguridi egingo diote bisita Barrutiaren mutilek.

1
Categorías: Seniorrak

0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *