ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa

Asteburu honetan Arrasateko zaleek errugbi gosea asetzeko parada ezin hobea izango dute, klub zuri-moreak hitzordu bikoitza izango baitu Mojategin.  Emakumezkoen taldea, pare bat asteetako etenaldiaren ostean, zelaietara itzuliko da eta, denboraldiko zazpigarren jardunaldiaren baitan, Uni Bilbo hartuko du Mojategin.  Gizonezkoek ere etxean jokatuko dute, baina kasu honetan Sarako Izarra bisitari izango dutela.  Norgehiagokak larunbatean jokatuko dira, 11:30ean eta 16:30ean, hurrenez hurren.

Esan bezala, 15 egunetako etenaldiaren ostean berrekingo diote liga txapelketari AGT Arrasate/Ordiziako neskek, ikasturteko aurreneko garaipena eskuratzeko helburuarekin.  Jokatutako partidu guztiak galdu ditu konbinatu gipuzkoarrak, eta joera horri buelta ematea izango da erronka.  Hori eta, jakina den moduan, ikasten jarraitzea, gogoratu beharra baitago errugbiaren munduan hasiberriak diren jokalari asko daudela talde honetan. 

Eskarmentu handiagoa duen ekipoa edukiko dute aurrean AGT Arrasate/Ordiziako neskek, sailkapenari begira, behintzat.  Oso bestelako egoeran dago Uni Bilbo, bizkaitarrek partidu bat gutxiago jokatu dute orain arte, bost orotara, eta horietatik hiru irabazi dituzte.  Testuinguru honetan, 14 punturekin laugarren sailkatuak dira, multzoko lider La Unicatik sei puntura daudela eta azkenaurreko sailkatu Bera Berarekin berdinduta.  Joaneko partiduan, El Fangon jokatutakoa, bilbotarrak izan ziren nagusi 48-20ko emaitzarekin. 

Mutilek Sarako Izarra

Neskek ez bezala, mutilek galtzak bete lan eduki dituzte azkeneko astetan, tartean hainbat aurkari gogorrei egin behar izan dietela aurre, gainera.  Iragan astean, partidu kaxkarra jokatu arren, garaipenaren bidera itzuli ziren Bera Beraren zelaian.  Izan ere, aurreko beste bi partiduak galduak zituzten Barrutiaren mutilek, sailkapen buruan dauden Elorrio eta La Unicaren kontrakoak, hain justu ere.

Eta asteburu honetan aurrean edukiko duten aurkaria izan da ere euren borrero aurtengo denboraldian, Sarako Izarraren kontra galdu baitzuen ikasturteko aurreneko partidua Kanpanzar Arrasatek.  Iparraldekoak bosgarrenak dira sailkapenean 22 punturekin, talde zuri-moretik 10 puntura, hori bai, bi partidu gutxiago jokatuta.  Gauzak horrela, garaipena eskuratuz gero aurrerapauso nabarmena emango lukete Barrutiaren mutilek, Sarako Izarrarekiko aldea handituz.

Kartelera

Arrasate Errugbi Taldeko gainontzeko ekipoei dagokionez, Errugbi Eskolarena izango da asteburuko beste hitzordua, ohi bezala, entrenamendu saioa burutuko baitute domeka goizean (10:30) Mojategin. 16 urtez azpikoek Durangoren zelaian jokatu beharra zeukaten baina, Covid-19 kasuak tarteko, norgehiagoka bertan behera geratu da. Eta atzeratuta geratu da, baita ere, 14 urtez azpikoek Bera Bera B-ren kontra jokatu behar zuten partidua.


0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *