ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa

Euskal Ligako 1. Mailako  bigarren itzulia martxan jarriko da asteburu honetan eta, 10. jardunaldiaren baitan, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrak Donostiara joango dira.  Sailkapen buruko aurkari zuzenen kontra jasotako azken bi porroten ostean Julen Barrutiaren mutilak norabidea zuzentzen ahaleginduko dira eta, horretarako, sailkapen zuloan sartutako dagoen Bera Berari egingo diote bisita.  Norgehiagoka zapatuan izango da, 14:30ean hasita.

Esan bezala, jokatutako azken bi partiduak galdu ditu Kanpanzar Arrasatek:  orain direla 15 egun La Unicaren kontrakoa Mojategin (13-42), eta pasa den asteburuan Elorrion jokatutakoa (24-19), azken hau bere garaian, Covid-19 kasuak tarteko, atzeratutakoa.  Gauzak horrela, bi porrot hauekin Barrutiaren mutilak nolabait aldendu egin dira lehen bi sailkatuetatik.  Elorrio da une honetan liderra 40 punturekin, hori bai, bigarren sailkatu La Unicak baino partidu bat gehiago jokatuta.  Nafarrek 39 puntu dituzten bitartean, Kanpanzar Arrasate 28rekin dago, Errioxak eta Uni Bilbok baino sei gehiago, laugarren eta bosgarren sailkatuak, hurrenez hurren.

Onbidera itzultzeko aurkari aproposa dirudi asteburu honetan Barrutiaren mutilek aurrean edukiko dutena, zazpi punturekin azkenaurreko sailkatua baita Bera Bera.  Jokatutako bederatzi partiduetatik bakarra irabazi dute donostiarrek, eurek baino erregistro kaskarragoak eta puntu bakarra duen Txingudiren kontra jokatutakoa, hain justu ere. 

Lehen itzulian, Mojategin jokatutako partiduan, arrasatearren eta donostiarren arteko lehian zuri-moreak izan ziren nagusi 66-7ko emaitzarekin.  Gauzak horrela, eta aurreneko 9 partidu hauetan gertatutakoa ikusirik, oraingoan ere faborito izango da Kanpanzar Arrasate.  Zalantza izpirik gabe Donostiatik garaipena ekartzeak mesede egingo dio Barrutiaren taldeari, garaipenaren bidera itzuli eta konfiantza berreskuratzeko.

Orain direla hiru denboraldi Bera Berak Mojategira egindako bisita.
Categorías: Sin categoría

0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *