ISEI BARBERO / Argazkiak: Ricardo Santa Cristina

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek aurkari zuzenari egin zioten bisita zapatu arratsaldean, bigarren sailkatu Elorriori, hain justu ere.  Asteburu honetan atsedenaldia programatuta zegoen Euskal Ligan, horregatik, bizkaitarrak eta gipuzkoarrak etenaldi honetaz baliatu ziren bere garaian Covid-19aren ondorioz atzeratutako partidua jokatzeko.  Sailkapenari erreparatuz Elorrio zen faborito eta, zoritxarrez Kanpanzar Arrasaterentzat, aurreikuspenak bete eta etxekoak 24-19 nagusitu ziren.

San Roke errugbi zelaira gerturatutako zaleek, tartean Arrasateko hainbat, partidu erakargarri eta lehiatuaz gozatzeko parada izan zuten zapatu arratsaldean.  Elorrio eta Kanpanzar Arrasateren arteko partiduak derby kutxua izan ohi dute eta, kasu honetan ere, ez zen salbuespena izan.  Oraingoan, gainera, bi taldeak sailkapen buruan kokatuta, lehiakortasuna oraindik handiagoa izan zen.

Partidua hasi eta berehala mugitu zen markagailua, 10. minutua bete orduko bi taldeek entsegu bana egina baitzuten.  5-5ekoarekin hurrengo kolpea Kanpanzar Arrasatek eman zuen ordu erdia bete baino lehen, oraingo honetan transformazioa gauzatzerako orduan hutsik egin gabe (5-12).  Bazirudien Barrutiaren mutilak aurretik joan behar zirela atsedenaldira, baina lehen zatiaren azken minutuetan Elorriok hiru entsegu egin –horietatik bi transformatuz- eta 24-12ko emaitzarekin joan ziren aldageletara bi taldeak aurreneko 40 minutuak agortuta.

Lokatza eta borroka izan ziren nagusi zapatu arratsaldean San Roken.

Bigarren zatian partiduak ildo beretik jarraitu zuen, Kanpanzar Arrasatek ez zuen amorerik eman eta lehiakortasuna izan zen nagusi berdegunean.  Bisitariak arratsaldeko hirugarren entsegua egiteko gai izan ziren, markagailua estutuz eta partidua irabazteko bidea zabalik utziz.  Zoritxarrez, baina, Elorriok lehen zatian lortutako errentari eutsi zion eta azken emaitza 24-19 izan zen etxekoen alde.

Gauzak horrela, zapatuko garaipenarekin Elorriok lidergoa berreskuratu du, hori bai, egungo bigarren sailkatu La Unicak baino partidu bat gehiago jokatuta.  Bizkaitarrek 40 puntu dituzte; nafarrek, aldiz, 39.  Kanpanzar Arrasatek hirugarren postuan jarraitzen du, aurkari zuzenen kontra galdutako azken bi partiduen ostean patrikan 28 puntu dituela.  Hurrengo asteburuan bigarren itzulia abiatuko da Euskal Ligako 1. Mailan eta, 10. jardunaldiaren baitan, Julen Barrutiaren mutilek azkenaurreko sailkatu Bera Berari egingo diote bisita.

Categorías: Seniorrak

0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *