ISEI BARBERO

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek estropezu egin dute 2022ko aurreneko partiduan, kategoriako lider La Unicaren kontra, Mojategin, galdu eta gero.  Nafarrek hasiera hasieratik bideratu dute partidua eta, atsedenaldira joan orduko, errenta handia lortua zuten jada.  Bigarren zatian emaitzari eusten ahalegindu dira, eta Kanpanzar Arrasatek pare bat entsegu lortu baditu ere, azkenean 13-42 nagusitu dira nafarrak.

Partidua hasi eta berehala hartu du aurrea markagailuan La Unicak, zutoinen artera bidalitako bi zigor kolpeei esker.  0-6koarekin konformatu ez, eta ordu laurdena bete orduko beste bi entsegu lortu dituzte bisitariek (0-20).  Une horretan iritsi da etxekoen susperraldia, Arizaletak zutoinen artera bidalitako zigor kolpearen bitartez (3-20).  Barrutiaren mutilen pozak, baina, ez du luzaroan iraun, zelai erditik atera bezain pronto La Unicak arratsaldeko hirugarren entsegua lortu baitu.  Oraingo honetan ez dute asmatu transformazioa gauzatzerako orduan eta, honenbestez, markagailuan 3-25ekoa geratu da.

Partidua maldan gora eduki arren, sarrailagileek borrokatzen jarraitu dute, eta nafarren entsegu eremu ingurura ere gerturatzeko gai izan dira.  Zoritxarrez, baina, atsedenaldia ate-joka zegoenean La Unicak entsegu berri bat lortu eta 3-32ko emaitzarekin hartu  dute aldageletarako bidea bi taldeek arauzko aurreneko 40 minutuak agortuta.

Atsedenalditik bueltan partiduari buelta emateko asmoarekin zelairatu da Kanpanzar Arrasate, eta aldagelan zuri-moreen entrenatzaile Barrutiak emandako aginduek bere fruituak eman dituzte.  Oihanek arrasatearren lehenengo entsegua lortu du ordu laurdena bete baino lehen.  Zoritxarrez, Arizaletak ez du asmatu transformazioan eta, 8-32koa geratu da markagailuan.

Oraindik minutuak geratzen ziren partidua amaitzeko, eta etxekoak berriro ere norgehiagokan sartuta zeuden.  Une horretan, baina, La Unicak kolpe berri bat eman du (8-37).  Partidua amaitu baino lehen Asier Delgado “Bobi”-k arrasatearren bigarren entsegua lortu du baina, oraingo honetan ere, erantzuna egon da nafarren aldetik.  Gauzak horrela, partidu amaieran La Unica nagusi 13-42eko emaitzarekin.

13-42 nagusitu da La Unica eta, modu honetan, lidergoan jarraitzen du.

Argazki galeria osoa ikusteko, klikatu HEMEN

Categorías: Seniorrak

0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *