ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek Elorriori egingo diote bisita asteburu honetan, eta bertan lidergoa egongo da jokoan.  Izan ere, iragan jardunaldiko emaitzen ostean, non kategoriako liderrak ikasturteko aurreneko porrota jaso zuen bigarren sailkatu La Unicaren zelaian, sailkapen buruko hiru taldeen arteko aldea hiru puntura mugatu da.  Normalean derby kutsua izaten duen partidua da Elorrio eta Kanpanzar Arrasateren artekoa eta, oraingoan lidergoa jokoan egonda, ahalik eta gehiago.  Bizkaitarren eta gipuzkoarren arteko lehia zapatu arratsaldean jokatuko da, 16:00etan hasita.

Esan bezala, Kanpanzar Arrasateren hurrengo aurkariak, aurreko jardunaldira arte geldiezin ibili dena, iragan zapatuan jaso zuen aurreneko porrota.  Gauzak horrela, Barrutiaren mutilek bizkaitarrek estropezu horren ostean izan dezaketen nolabaiteko konfiantza faltari etekina atera nahiko diote.  Sarrailagileak bolada ezin hobean heltzen dira neurketa erabakigarri honetara, jokatutako azken bost partiduak irabazi baitituzte.  Testuinguru honetan, jakin badakite Elorriotik zerbait positibo ateratzeko jarraitu beharreko bidea zein den.

Lidergoa eskuratzeko, baina, Elorrion irabazteaz gain Kanpanzar Arrasatek gainontzeko emaitzak ere alde izan beharko ditu eta, zentzu horretan, La Unicaren partiduari egongo da begira.  Nafarrek (29) arrasatearrek (27) baino bi puntu gehiago dituzte, eta Elorrio (30) liderrak baino bat gutxiago. Iruñeako taldeak etxetik kanpo jokatuko du asteburu honetan, laugarren sailkatu Durangoren zelaian, hortaz, nolabaiteko baikortasuna izateko aitzakia izan badu Kanpanzar Arrasatek.

Kartelera

Asteburu honetan Arrasate Errugbi Taldeko ekipo gehienek atsedena izango dute, eta 14 urtez azpikoena izango da salbuespen bakarretarikoa, zapatu goizean (10:30) Hernani hartuko baitute Mojategin.  Errugbi Eskolako neska-mutikoek ere salto egingo dute berdegunera, kasu honetan domeka goizean Irunen izango den topaketan parte hartzeko.

Kanpanzar Arrasatek 2016-2017 denboraldian Elorrion jokatutako partidua.

0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *