ISEI BARBERO / Argazkiak: Ricardo Santa Cristina

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek bosgarren garaipena jarraian poltsikoratu dute, asteburu honetan Atletiko San Sebastian mendean hartu eta gero.  Arrasatearrak eta donostiarrak aurrez aurre izan ziren Mojategin zapatu arratsaldean, azken asteetan bezala, oraingoan ere euria eta hotza protagonista izan zirela. 

Sailkapenari erreparatuz, etxeko taldea zen faborito eta, zorionez, oraingoan ere aurreikuspenak bete egin ziren.  Barrutiaren mutilek hasieratik bideratu zuten norgehiagoka eta, minutuak aurrera joan ahala, abantaila handituz joan ziren.  Gauzak horrela, partidu amaieran Kanpanzar Arrasate nagusi 50-0eko emaitzarekin.

Honako hau ikasturteko seigarren garaipena da Arrasateko taldearentzat, partidu bakarra galdu baitu, bigarren jardunaldian Sarako Izarraren kontra.  Asteburu honetan, gainera, Elorrio liderrak denboraldiko lehenengo porrota jaso du La Unicari egindako bisitan eta, honenbestez, sailkapen burua oraindik gehiago estutu egin da.  Bizkaitarrak lidergoan jarraitzen dute 30 punturekin, baina nafarrekiko zuten aldea puntu bakarrera murriztuta geratu da jardunaldi honen ostean.  Kanpanzar Arrasatek ixten du sailkapen buruko multzoa 27 punturekin.

Eta Elorrioren kontra, hain justu ere, neurtuko dituzte indarrak hurrengo asteburuan Barrutiaren mutilek.  Bizkaia aldetik garaipena ekarriz gero, eta gainontzeko emaitzak aldekoak badira, litekeena da talde zuri-moreak lidergoa eskuratzea.  Beti derby kutsua izaten duen Elorrio eta Kanpanzar Arrasateren arteko lehia zapatu arratsaldean jokatuko da, 16:00etan hasita.

Euria eta hotza izan ziren nagusi zapatu arratsaldean Mojategin (Argazkia: R. Santa Cristina)
Categorías: Seniorrak

0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *