ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek garaipen garrantzitsua eskuratu dute asteburu honetan, euren aurkari zuzen Errioxa mendean hartu baitzuten zapatuan.  Julen Barrutiak zuzentzen duen taldeak azken jardunaldietako bolada onari eman nahi zion jarraipena eta, zorionez, helburua bete eta urrearen balioa izan dezakeen garaipena lortu zuen Logroñon.

Azken norgehiagoketako joerari eutsiz, sarrailagileak sendotasun defentsiboaz baliatu ziren ikasturteko bosgarren garaipena erdiesteko.  Horren adierazgarri, etxeko taldea ez zela gai izan entsegu bakar bat ere lortzeko.  Partiduko puntu bakarrak zutoinen artera bidalitako zigor kolpe baten bitartez lortu zituzten errioxarrek;  aitzitik, Kanpanzar Arrasatek eraginkor aritu zen, baita ere, erasoko jokoan.  Azken emaitza 3-19 izan zen bisitarien alde.

Modu honetan, asteburu honetako garaipenarekin 22 puntu ditu patrikan jada Barrutiaren taldeak, eta bere jarraitzaileekiko abantaila handitu du, Errioxa eta Durango hamalauna puntura berdinduta baitaude.  Aurretik, Elorrio liderrak geldiezin jarraitzen du, eta Atletiko San Sebastian etxean 31-7 garaitu eta gero sendo eusten dio lidergoari 30 punturekin.  Bizkaitarren eta gipuzkoarren artean, berriz, La Unica dago 24 punturekin.

Hurrengo asteburuan, zubia dela eta, ez liga jardunaldirik izango, baina abenduaren 12ko asteburuan Kanpanzar Arrasate erronka berri bat izango du.  Ligako zazpigarren jardunaldiaren baitan, sarrailagileek Atletiko San Sebastian hartuko dute Mojategin.  Donostiarrak buru-makur aritu dira orain arte, jokatutako sei partiduetatik bakarra irabazi baitute, eta azkenaurrekoak dira sailkapenean bost punturekin.

Categorías: Seniorrak

0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *