ISEI BARBERO

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek denboraldiko laugarren garaipena eskuratu dute, zapatu honetan, Mojategin, Uni Bilbo mendean hartuta.  Julen Barrutiaren mutilek partidua hasieratik bideratu dute, bosgarren minutua bete baino lehen lortutako entseguari esker eta, azkenean, 30-7ko emaitzarekin nagusitu dira. 

Esan bezala, norgehiagoka hasi eta berehala eman du lehenengo kolpea etxeko taldeak, Beñat Salaberrik lortutako entseguari esker.  Ondoren, transformazioa gauzatzerako orduan Arizaletak ez du kale egin.  Talde zuri-moreko jaurtitzaileak, hain justu ere, etxekoen abantaila handitu du ordu laurdena bete ostean, 10-0ekoa ezarriz zutoinen artera bidalitako zigor kolpe batez baliatuta.

Emaitzak kontrakoa erakutsi arren, hasierako minutuak parekatuak eta borrokatuak izan dira, halere, Kanpanzar Arrasate eraginkorrago aritu da.  Eta bide horretatik arratsaldeko bigarren entsegua lortu dute Barrutiaren mutilek atsedenaldira joan aurretik, lehenengoaren protagonista berdinekin:  Beñat Salaberri eta Ander Arizaleta.  Gauzak horrela, 17-0ekoarekin hartu dute aldageletarako bidea bi taldeek hasierako 40 minutuak agortuta.

Abantaila horrekin bigarren zatian sarrailagileak erosoago aritu dira, eta minutuak aurrera joan ahala errenta handitu dute.  Dolararen entsegu berri bati esker eta zutoinen artera bidalitako zigor kolpeez baliatuz, Kanpanzar Arrasatek ikasturteko laugarren garaipena ziurtatu du.  Uni Bilbok markagailua nolabait txukundu egin du, lortutako entsegua eta gauzatutako transformazioari esker. 

ARGAZKI-GALERIA osoa ikusteko klikatu hemen: https://flic.kr/s/aHsmXdUGu6

Categorías: Seniorrak

0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *