ISEI BARBERO / Argazkiak: Ricardo Santa Cristina
Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek domeka eguerdian azken sailkatu Txingudi hartu zuten Mojategin eta, oraingo honetan, pronostikoek ez zuten hutsik egin. Sailkapenari erreparatuta faborito zen etxeko taldea eta, azkenean, uste baino errazago gailendu ziren Julen Barrutiaren mutilak, azken emaitzak erakutsi zuen moduan: 107-0.
Irundarrak 14 jokalariekin baino ez ziren etorri Mojategira eta, hori gutxi balitz, norgehiagokan zehar beste jokalari batek ere min hartu zuen. Gauzak horrela, etxekoak bi gizon gehiagorekin aritu ziren zenbait minututan. Sarrailagileek hasiera hasieratik bideratu zuten neurketa eta, minutuak aurrera joan ahala, entseguak bata bestearen atzetik heldu ziren, amaierako 107-0ekora arte.
Gauzak horrela, jokatutako hiru partiduetatik bi irabazita, bigarren sailkatu da Kanpanzar Arrasate 10 punturekin. Momentuz, talderik indartsuena Elorrio da, jokatutako hiru partiduak irabazi ostean 15 puntu dituena. Barrutiaren mutilen atzetik, bederatzina puntura berdinduta, Errioxa eta La Unica daude. Puntu bat gutxiago du bosgarren sailkatu Sarako Izarrak, eta seirekin Uni Bilbo da. Sailkapenaren atzealdean, bosna punturekin, Bera Bera, Atletiko San Sebastian eta Durango daude eta, esan bezala, azken postuan oraindik punturik urratu ez duen Txingudi dago.
Hurrengo asteburuan ez da jardunaldirik izango Euskal Ligako 1. Mailan baina, azaroaren 14ko asteburuan, Barrutiaren mutilek Durangori egingo diote bisita. Elorrio liderra Uni Bilboren zelaian arituko da eta, emaitzak aldekoak izanez gero, Kanpanzar Arrasatek lidergoa berreskuratzeko aukera izango du.

0 comentarios