Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek 2021-2022 denboraldiko hirugarren partidu ofiziala jokatuko dute asteburu honetan eta, oraingo honetan, Txingudi izango da Mojategi bisitatuko duen taldea.  Arrasatearren eta irundarren arteko lehia domeka eguerdirako deituta dago, 12:30earako, hain justu ere.

Garaipen eta porrot bana lortuta heltzen da ikasturteko hirugarren hitzordura Kanpanzar Arrasate, eta hirugarrena dela sailkapenean.  Julen Barrutiaren mutilek maila ona erakutsi dute orain arte jokatutako bi partiduetan, pasa den astekoan, baina, ezin izan zuten garaipena eskuratu Sarako Izarraren zelaian.  Aitzitik, lehen jardunaldian eta Bera Bera bisitari izan zela, aise gailendu ziren sarrailagileak.

Oso bestelako egoeran heltzen da domekako partidura Txingudi, Plaiaundikoek jokatutako bi partiduak galdu baitituzte.  Estreinakoan, Atletiko San Sebastiani bisita egin ziotela, Irunekoek 48-11 galdu zuten.  Iragan astean, berriz, Elorrio izan zen euren borreroa, 14-79ko emaitzarekin Plaiaundin nagusitu zena.

Honenbestez, eta orain arteko emaitzak aintzat hartuta, Kanpanzar Arrasate izango da faborito igandeko partidurako.  Garaipena eskuratuz gero, aurrerapausoa emango lukete sailkapenean Barrutiaren mutilek, taldeen artean estutasuna baita nagusi.  Bi partiduak bonusarekin irabazita, lidergoan Elorrio dago 10 punturekin, eta bi gutxiago ditu Errioxak.  Esan bezala, Kanpanzar Arrasate hirugarrena da bostekin, eta arrasatearrekin berdinduta beste lau talde daude:  Atletiko, Durango, Bera Bera eta La Unica.  Sarako Izarrak puntu bat gutxiago du eta sailkapena ixten duen taldea asteburu honetan arrasatearren aurkaria izango den Txingudi da.

Seniorrak bakarrik

Asteburu honetan zubia dela medio, Arrasate Errugbi Taldeko gainontzeko ekipoek ez dute hitzordurik izango.  Gauzak horrela, hurrengo partiduak datorren asteburuan jokatuko dituzte, azaroaren 6 eta 7an, hain justu ere.

Kanpanzar Arrasateko jokalariak zaleak agurtzen Bera Beraren kontrako neurketaren amaieran.
Categorías: Seniorrak

0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *