ISEI BARBERO / Argazkia: Julen Barrutia

Behin udako oporrak atzean utzita, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrak lanean hasi dira jada.  Honako hau aurre-denboraldiko bigarren astea da klub zuri-morearentzat eta, astearte honetakoa, laugarren entrenamendua seniorrentzat.  Hasierako lansaio hauetan Julen Barrutiak 30 jokalari inguru izan ditu bere aginduetara eta, berak adierazitakoaren arabera, “denboraldi berriari begira ere fitxa kopurua horren ingurukoa izatea aurreikusten dugu”.

Iazko ezohiko denboraldiaren ostean, Covid-19aren pandemiak eragindakoa, aurtengo ikasturtean “normaltasunera itzultzea” aurreikusten dute errugbilariek eta, oraindik Euskadiko Errugbi Federazioaren aldetik data ofizialik aditzera eman ez bada ere, urriaren erdialderako ligari ekitea espero dutela jakinarazi du Barrutiak.  Orain arte burututako entrenamenduetan ikusitakoarekin pozik dago entrenatzaile arrasatearra:  “Jendea gogotsu etorri da oporretatik, lansaioetan intentsitate handia egon da eta, oraindik joko aldetik asko hobetzeko baldin badaukagu ere, oso itxaropentsu eta baikor nago denboraldi berriari begira”.

Aurpegi berrien artean klubeko “zakur zaharrak” daude, iazko denboraldian ez jokatzea erabaki zuten hainbat jokalarik aurten berriro ere Kanpanzar Arrasateren elastikoa jantziko baitute.  Euskal Liga hasi bitartean Barrutiaren mutilek aurre-denboraldian murgilduta jarraituko dute buru-belarri eta, honen baitan, teknikari zuri-moreak ez du baztertzen lagunarteko partiduren bat edo beste jokatzea.  “Oraindik hitzordurik itxita ez baldin badaukagu ere, espero dugu neurketaren bat urria baino lehen jokatzea”, dio.

Senior mailako jokalariez gain, azpimarratu beharra dago aste honetan ere lanean hasi direla Arrasate Errugbi Taldeko harrobiko ekipoak.  Asteak aurrera joan ahala gaztetxoenek ere egingo dute salto Mojategiko berdegunera.  Esan beharrik ez dago, ART-rekin bat egin nahi egin nahi duena gonbidatuta dagoela Mojategira  etorri edota klubarekin harremanetan jartzera.

Aurtengo aurre-denboraldiko lansaioetako batean hartutako irudia.

Categorías: Seniorrak

0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *