Isei Barbero / Argazkiak: R. Santa Cristina

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek liga txapelketako azkeneko partidua jokatu dute larunbat honetan.  Goizeko 11:30ean hasita, Julen Barrutiaren mutilek Durangoren kontra neurtu dituzte indarrak Mojategin eta, zoritxarrez, puntuek Bizkaia alderako bidea hartu dute.  Azken emaitza 23-34 izan da Durangoren alde eta, honenbestez, garaipen bakarrarekin amaitu du bigarren fasea talde zuri-moreak.

Bisitariek lehenengo zatian bideratu dute neurketa, errenta erosoarekin hartu baitute aldageletarako bidea aurreneko 40 minutuak agortuta, 5-22ko emaitzarekin, hain justu ere.  Barrutiaren mutilek entsegu bat lortu dute lehenengo zatian baina, esan bezala, hori ez da nahikoa izan, askoz ere eraginkorrago aritu baita Durango.

Partidua maldan gora eduki arren, aldageletatik bueltan Kanpanzar Arrasate/Ordiziaren jokoak hobera egin du eta, une batzuetan, bazirudien Barrutiaren mutilek helburua betetzeko aukerak izango zituztela.  Lehen zatian Durangok lortutako erreta, baina, zama handiegia izan da sarrailagileentzat, eta norgehiagoka 23-34ko emaitzarekin amaitu da.

Pandemiaren denboraldia

Ezohikoa izan da amaitu berri den denboraldia Arrasate Errugbi Taldeko seniorrentzat.  Pandemiaren gorabeherak medio, Gabonen ostera arte ez zen martxan jarri liga txapelketa eta, hori gutxi balitz, Barrutiaren mutilek Ordiziarekin batera partekatu behar izan zuten taldea ikasturteari nolabaiteko bermeekin ekiteko. 

Elkarren artean ezagutzen ez ziren jokalariak izateak zailtasun handia suposatu zion talde zuri-moreari hasierako partiduetan baina, jardunaldiak aurrera joan ahala, ekipoa egonkortu eta sasoi puntua hartzen joan zen.  Testuinguru honetan, garaipenak heltzen hasi ziren eta, hori gutxi balitz, denboraldiko bigarren fasean onenekin lehiatzeko txartela lortu zuen Kanpanzar Arrasate/Ordiziak.

Gaurkoan amaitutzat eman duten bigarren fase honetan ere itxura ona eskaini badute ere, Barrutiaren mutilek ezin izan dituzte nahi beste puntu eskuratu.  Partidu batzuetan garaipenak ihes egin die eskuetatik azken unetan, eta Gernika izan da garaitu duten talde bakarra.  Zalantza izpirik gabe, emaitzak baino harago joanda, ziur asko gaztea oso den ekipoa hazten jarraitzeko baliagarria izan dela amaitu berri dugun ezohiko ikasturtea, etorkizunean pandemiaren denboraldia bezala gogoratuko duguna.

Partiduko argazki-galeria:

Categorías: Seniorrak

0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *