Isei Barbero – Argazkiak eta bideoa: Gernika R.T.

Zapatu honetan Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek Gernika B-ri egin diote bisita denboraldiko azkenaurreko jardunaldiaren baitan eta, joaneko partiduan gertatu ez bezala, oraingoan bizkaitarrak nagusitu dira.  Barrutiaren mutilek sekula ez dute amorerik eman, eta amaierara arte borrokatzen jarraitu dute baina, zoritxarrez, gaurkoan basurdeak hobeto aritu dira.  Gauzak horrela, puntuak Urbietan geratu dira, amaierako emaitza 34-12 izan dela etxekoen alde.

Norgehiagoka ez da ondo hasi Kanpanzar Arrasate/Ordiziarentzat, baloia jokoan jarri bezain pronto etxekoek erasora jo baitute, talde zuri-morea bere zelaian sarraraziz.  Eta basurdeen lanak berehala jaso du fruitua, bosgarren minutuan 7-0 aurreratu baitira.  Jasotako entsegu horrek, baina, Barrutiaren mutilak suspertu ditu, eta 10. minutua bete baino lehen markagailua berriro ere orekatu egin da (7-7).

Hortik aurrera indarrak nolabait parekatu egin dira, baina minutuak aurrera joan ahala Gernika berriro ere Kanpanzar Arrasate/Ordizia menderatzen hasi da eta, bisitarien entsegu eremu inguruan irabazitako mele baten ostean berriro ere aurretik jarri da.  Oraingo honetan basurdeek ez dute asmatu transformazioa gauzatzerako orduan, eta 20. minutua betetzear zela 12-7koa igo da markagailura.

Etxekoen aurreneko entseguarekin ez bezala, oraingo honetan ez da Kanpanzar Arrasate/Ordiziaren erreakziorik egon, eta bisitariak euren zelaian itota edukitzen jarraitu du Gernikak.  Testuinguru honetan, etxekoen hirugarren entsegua heldu da atsedenaldia ate-joka zela, oraingoan ere transformazioa gauzatzerako orduan asmatu ez dutela.  Honenbestez, 17-7koarekin hartu dute aldageletarako bidea bi taldeek arauzko aurreneko 40 minutuak agortuta.

Bigarren zatia

Bigarren zatian hobeto zelairatu da Kanpanzar Arrasate/Ordizia.  Antza denez, Barrutiak aldagelan emandako aginduek eragina izan dute jokalariengan, eta bisitariek ideak argi zituztela berrekin diote lehiari.  Gauzak horrela, hasierako minutuetan Gernika bere zelaian sartuta eduki dute, eta bisitarien bigarren entsegua helduko zela zirudien.  Minutuek aurrera egin ahala, baina, indarrak orekatzen joan dira, Gernikak talde zuri-morea bere zelaian sarrarazi duen arte.

Testuinguru honetan aurreikuspenak aldatu egin dira, eta hasieran bisitarien entsegua gertu ikusten bazen, minutuak pasatu ahala Gernikaren tantoa helduko zenaren susmoa nagusitzen joan da.  Eta 20. minutua ate-joka zela, basurdeen laugarren entsegua iritsi da.  22-7koarekin Barrutiaren mutilek lanean jarraitu dute baina, gaurkoan, euren esfortzuak ez du saririk jaso.  Aitzitik, fruitua berriro ere jaso dutenak etxekoak izan dira, bigarren zatiko ordu erdia bete baino lehen lortutako entsegu berri bati esker (27-7).

Partidua maldan gora bazuten ere, Barrutiaren mutilak ez dira kikildu, eta gogotsu ekin dizkiete partidua amaitzeko falta ziren 10 minutuei.  Eta 35. minutuan betetzear zela norgehiagokako bigarren entsegua lortu dute, oraingoan transformazioan kale eginda (27-12).  Markagailua ez da gehiago mugitu azken txanpara arte eta, zoritxarrez, Gernikaren alde berriro ere.  Gauzak horrela basurdeek lortutako entsegua eta transformazioarekin, eta markagailuak 34-12koa erakusten zuela, amaitu da Gernika B eta Kanpanzar Arrasate/Ordiziaren artekoa.

Esan bezala, gaurkoa denboraldiko azkenaurreko norgehiagoka izan da Barrutiaren mutilentzat eta, azken jardunaldian, denboraldia agurtuko dute etxean Durangoren kontrako lehiarekin.  Aurkaria gogorra oso baldin bada ere, sarrailagileek denboraldi osoan erakutsitako izaera eta kemenari eutsiko diote, posible izanez gero, ikasturtea ezusteko atseginarekin agurtzeko.

Categorías: Seniorrak

0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *