ISEI BARBERO – Argazkiak: Artxiboa

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek ezin izan dute ezustekoa eman Iparralden, A multzoko bigarren itzuliko estreinaldiko jardunaldiaren baitan Sarako Izarraren kontra jokatutako norgehiagokan amore eman behar izan baitute , eta etxekoak nagusitu dira 47-0eko emaitzarekin.
Oro har hobeto aritu dira norgehiagoka osoan zehar Iparraldekoak, amaierako emaitzak erakutsi izan duen moduan. Aurreneko arauzko 40 minutuetan hiru entsegu lortu dituzte etxekoek, eta aldageletarako bidea 21-0eko abantailarekin hartu dute. Bigarren zatian partiduak ildo beretik jarraitu du, eta Sarako Izarrak errenta handitu egin du, amaierako 47-0ekora arte.
Gauzak horrela, ligaskako lau partidu jokatuta, garaipen bakarrarekin jarraitzen du Kanpanzar Arrasate/Ordiziak, Gernikaren kontra Altamiran lortutakoa, hain justu ere. Bi partidu baino ez dira geratzen denboraldia amaitzeko: Hurrengo asteburuan ez da liga jardunaldirik izango eta, honenbestez, ekainaren 13ko asteburuan basurdeei egingo dio aurren Barrutiaren mutilek Urbietan eta, handik astebetera, liga agurtuko dute etxean Durangoren kontra.
0 comentarios