Denboraldiko bigarren garaipena eskuratu dute Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek, zapatuan Altamiran, Bera Bera B mendean hartuta.  Julen Barrutiaren mutilak atzetik hasi ziren markagailuan baina, atsedenaldira joan orduko, aurrea hartuta zuten (12-10).  Bigarren zatian abantaila hori handitzeko gai izan ziren, amaierako 31-10era arte.

Esan bezala, arratsaldea ez zen ondo hasi Kanpanzar Arrasaterentzat.  Etxekoek talde oso dinamikoarekin egin zuten topo, baloia azkar zabaltzen duen horietakoa, eta horrelako jokaldi batean aurrea hartu zuen markagailuan Bera Berak.  Barrutiaren mutilek, baina, ondo planteatu zuten norgehiagoka, eta aurrelarien indarraz baliatuz jokoari intentsitatea eman eta markagailua iraultzeko gai izan ziren.  Gauzak horrela, 12-10eko emaitzarekin joan ziren atsedenaldira bi taldeak.

Aldageletatik bueltan etxekoen nagusitasuna eraginkorragoa izan zen, eta zuri-moreek lehenengo zatian lortutako errenta handitu zuten.  “Aurreko partiduekin alderatuz akats gutxiago egin ditugu zigor kolpeetan, eta norgehiagoka honetarako finkatutako helburuak bete ditugu”, adierazi zuen neurketa amaieran Kanpanzar Arrasate entrenatzaile Julen Barrutiak.  Gauzak horrela, amaieran 31-10 etxekoen alde, eta denboraldiko bigarren garaipena Arrasate Errugbi Taldeak eta Ordiziak partekatutako konbinatuarentzat.

Gogoratu beharra dago Txingudiren kontrako lehia, bere garaian Covid-19 kasuengatik atzeratutakoa, oraindik jokatzeke duela Kanpanzar Arrasate/Ordiziak.  Momentuz baieztatu barik baldin badago ere, litekeena da datorren asteburuan jokatzea.  Izan ere, 9. jardunaldia jokatuta, amaitutzat ematen da denboraldiko aurreneko fasea.

Categorías: Seniorrak

0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *