2026/11/25 | ISEI BARBERO | Argazkiak: artxiboa

Zaleek errugbi gosea asetzeko aukera paregabea izango dute asteburu honetan, larunbatean, Mojategin, errazio bikoitza izango baita. Astebeteko etenaldiaren ostean, 16:00etatik aurrera Geurea RT-ko neskek liga txapelketari berrekingo diote, seigarren jardunaldiaren baitan Durangoren kontra jokatuko duten partiduarekin. Ondoren, 18:00etan, Kanpanzar Arrasateko mutilek Eibarri egingo diote aurre, Euskal Ligako 1. mailako zazpigarren jardunaldiaren baitan.

Beste astebetez Joseba Zabalaren neskek lidergoa defendatuko dute, orain arte jokatutako bost partiduetan garaipenak bata bestearen atzetik eskuratu dituztela. Konbinatu euskaldunak orotara 24 puntu batu ditu, puntu bakarreko abantaila duela bigarren sailkatu Donostiarekiko. Zertxobait beherago, hirugarren postuan eta 20 punturekin, La Unica dago.

Eta Geurea RT-ko neskek larunbat honetan aurrean edukiko duten aurkaria egungo laugarren sailkatua da. Arripausuetakoek orain arte jokatutako bost partiduetatik hiru irabazi dituzte, patrikan 15 puntu dituztela. Bizkaitarrek ez zuten ikasturtea ondo hasi, aurreneko bi partiduak, donostiarren eta nafarren kontra jokatutakoak, galdu baitzituzten. Hirugarren jardunaldiaz geroztik, baina, norgehiagoka guztietan gailendu dira.

Testuinguru honetan, faboritoak baldin badira ere, tentu handiz ekin beharko diote Durangoren kontrako lehiari Zabalaren neskek. Aspaldiko partez Mojategin jokatuko dute eta, ziur asko, zale arrasatearren hauspoa lagungarri izango zaiela denboraldiko seigarren garaipena eskuratzeko.

ART-ko neskak, artxiboko irudian.

Mutilak

Nesken partiduaren ostean, 18:00etan, senior mailako mutilen txanda izango da. Iragan asteburuan Zarautzetik garaipen berri bat ekarri eta gero, Julen Barrutiaren mutilek Eibar hartuko dute etxean, azken jardunaldietako bolada onari jarraipena emateko helburuarekin. Talde arrasatearrak partidu bakarra galdu du aurtengo denboraldian, Durango liderraren etxean jokatutakoa, eta egungo hirugarren sailkatua da 22 punturekin, talde bizkaitarrekin bost puntura baino ez.

Larunbat honetan aurrean edukiko duten aurkariaren egoera bestelakoa da, bi garaipenekin baino ez, seigarren postuan baita Eibar 11 punturekin. Armaginak ez daude unerik goxoenean, hirugarren jardunaldian Zarautzen nagusitu zirenetik, azken hiru partiduak galdu baitituzte, azkenekoa iragan asteburuan Uribealdeak Unbera egindako bisitan.

Testuinguru honetan, dena alde du Kanpanzar Arrasatek bolada onari jarraipena eman eta denboraldiko seigarren garaipena eskuratzeko, sailkapen buruko multzoan oraindik gehiago egonkortzeko baliagarria litzatekeena.

Kartelera

Zapatuan, goizean, beste bi hitzordu izango ditu Arrasate Errugbi Taldeak: 10:30ean, 16 urtez azpikoek La Unica hartuko dute Mojategin eta, 12:00etan, 18 urtez azpikoek Gernikari egingo diote aurre, Altamiran. 14 urtez azpikoen kasuan, Gipuzkoako selekzioaren entrenamendu saioa izango da, Oreretan.