2026/11/22  ISEI BARBERO | Argazkiak: Artxiboa

Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilek garaipen berri bat eskuratu dute, oraingo honetan Astin, Zarautzi 21-27 irabazita.  Aurreikusten zena baino gehiago sufrituta izan bada ere, pronostikoak bete egin dira, eta Kanpanzar Arrasatek denboraldiko bosgarren garaipena eskuratu egin du, sailkapen buruko taldeen artean finkatuz.

Partidua hasi bezain pronto 3-0 jarri dira aurretik etxekoak, zutoinen artera bidalitako zigor kolpe baten bitartez.  10. minuturako, baina, Kanpanzar Arrasatek markagailua irauli egin du, Cristian Zapateriaren entsegua eta Ibai Portaloren transformazioari esker.  Portalok berak arrasatearren bigarren entsegua lortu du 20. minutua ate-joka zela eta, markagailuak 3-12 erakusten zuela, epaileak bisitarien kontrako zigor entsegua adierazi du.  Handik minutu gutxira Zarautzek partiduko lehenengo entsegua lortu du, markagailua irauliz.

Bazirudien lehenengo zatia 15-12koarekin amaitu behar zuela baina, arauzko denbora amaitzeko hiru minuturen faltan, Xabi Gardoki kapitainak zuri-moreentzako entsegu berri bat lortu egin du eta, modu honetan, 15-17ko emaitzarekin hartu dute aldageletarako bidea bi taldeek.

Bigarren zatia lehenengoa bezala hasi da, Zarautzek zutoinen artera bidalitako zigor kolpearekin, markagailua berriro ere iraultzeko baliagarria izan dena (18-17).  Une horretan, baina, Barrutiaren mutilen susperraldia iritsi da, garaipen berri bat erdiesteko baliagarria izan dena.  Ordu laurdena bete baino lehen Gardokik bere kontu pertsonaleko bigarren entsegua lortu du eta, oraingo honetan ez, Portalok ez du hutsik egin transformazioan (18-24).

Hurrengo minutuetan parekotasuna izan da nagusi baina, partidua amaitzeko 10 minutu baino gutxiago falta zirela, jaurtitzaile arrasatearrak zuri-moreen errenta handitu egin du zigor kolpe bati berriro ere etekin ezin hobea ateraz.  Partidua 18-27koarekin amaituko zuela zirudienean etxekoek azken kolpea eman dute, zigor kolpe berri batean berriro ere baloia zutoinen artera bidaliz eta amaierako 21-27koa markagailuan ezarriz.

Garaipen honekin Kanpanzar Arrasatek 22 puntu ditu patrikan jada, hirugarren postuari tinko eusten diola.  Aurretik Durango liderra eta bigarren sailkatu Baztan daude, 27 eta 24 punturekin, hurrenez hurren.  Hurrengo jardunaldian etxean jokatuko dute Barrutiaren mutilek, seigarren sailkatu Eibarrek Mojategi bisitatuko baitu.

Categorías: Seniorrak