2025/3/19 | ISEI BARBERO | Argazkiak: artxiboa

Euskal Ligako 1. maila azken txanpan sartua dago jada eta, liga erregularreko azken laugarren jardunaldiaren baitan, playofferako borrokan finalaren tankera duen neurketa jokatuko dute Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilek asteburu honetan. Larunbatean, 16:30ean hasita, Julen Barrutiaren mutilek Urgozo hartuko dute Mojategin. Sailkapenari erreparatuz bizkaitarrek aurkari ahulagoa dirudite, halere, sarrailagileek tentu handiz ekin beharko diote lehiari, Euskal Ligako 1. maila bezalako kategoria batean edozein ekipo baita gai ezustekoa emateko.

Uni Bilboren kontrako neurketa erabakigarria gutxieneko aldeagatik galdu eta gero heltzen da liga erregularreko azken hirugarren norgehiagokara Kanpanzar Arrasate, orain dela aste parea, Elorrio liderraren kontra galduta ere. Hala eta guztiz ere, zuri-moreek lan ezin hobea egin dute 2025a estreinatu zenetik, orduz geroztik jokatutako zazpi partiduetatik lau irabazi baitituzte. Galdutakoak, gainera, alde minimoagatik izan dira.

Uni Bilboren kontra, lehen itzulian, Mojategin jokatutako partidua.

Gauzak horrela, une honetan Kanpanzar Arrasate seigarrena da sailkapenean 45 punturekin, playofferako eskubidea bermatzen duen postuetatik bederatzi puntura, hain justu ere. Leku hori orain Uni Bilbok betetzen du, 54na puntura berdinduta bigarren sailkatu Getxorekin. Elorrio liderrak, 71 punturekin, ia bermatuta dauka liga irabaztea. Arrasatearren eta bilbotarren artean, 50 eta 47 punturekin Bera Bera eta Baztan daude, hurrenez hurren.

Testuinguru honetan, sailkapenaren goialdean ez da emoziorik faltako ligako azken txanpa honetan. Esan bezala, Kanpanzar Arrasatek aurretik dituen hiru “finaletako” aurrenekoa jokatuko du zapatu honetan Urgozoren kontra. Bizkaitarrek partidu bakarra irabazi dute aurtengo denboraldian, hortaz, Barrutiaren mutilek ez lukete arazo handirik izan beharko garaipena eskuratzeko. Dena den, errespetu osoz eta tentu handiz ekin beharko diote egungo azken sailkatuaren kontrako lehiari, sorpresa desatseginik hartu nahi ez badute, behintzat.

Beste bi partiduak ere sailkapenaren atzealdean sartuta dauden aurkarien kontrakoak izango dira: azkenaurreko sailkatu Eibar eta Hernani, egungo azken laugarrena. Testuinguru honetan, eta sailkapenari erreparatuz, geratzen diren hiru partiduak irabazi eta aurkari zuzenen emaitzen zain egotea izango da Kanpanzar Arrasateren zeregina oraindik jokatzeke dauden lau jardunaldi hauetan.

Asteburuko kartelera

Categorías: Seniorrak