2025/3/16 | ISEI BARBERO | Argazkiak: artxiboa
Partidu erabakigarria jokatu dute domeka honetan Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilek eta, zoritxarrez, ez dute merezitako saria jaso. Julen Barrutiak zuzendutako taldeak play-offerako borrokarako bidean aurkari zuzen Uni Bilbori egin dio bisita eta, norgehiagoka parekatuaren ostean, etxekoak nagusitu dira 25-24ko emaitzarekin.
Partiduari hobeto ekin diote etxekoek, euren jokoa ezarriz eta, modu honetan, ordu erdia bete orduko 15-0 ziren aurretik, ordura arte egindako bi entsegu -horietako bat transformatuta- eta zutoinen artera bidaliko zigor kolpeari esker. Barrutiaren mutilek, ordea, ez dituzte besoak jaitsi, eta atsedenaldia ate-joka zela Ohian Irasuegik egindako entseguak eta Ibai Portalok gauzatutako transformazioak talde bisitaria partidua sarrarazi dute. Lehenengo zatia 15-7ko emaitzarekin amaitu da.
Bigarren zatiaren hasiera lehenengoaren antzerakoa izan da, bilbotarren nagusitasunarekin. Zentzu honetan, Uni Bilbok aldageletatik bueltan bi entsegu egin ditu jarraian, markagailuan 25-7koa ezarriz. Kanpanzar Arrasatek bigarren zatiko ordu laurdena igarota Bilbotarren errenta murriztu du Portalok zutoinen artera bidalitako zigor kolpe bati esker (25-10).
Ordutik aurrera sarrailagileak saiatu dira markagailua iraultzen, baina etxekoak sendo aritu dira arlo defentsiboan. Norgehiagoka amaitzeko 10 minutu eskasen faltan Unai Biterik zuri-moreen bigarren entsegua lortu du, eta Portalok ez du barkatu transformazioa gauzatzerako orduan. Bisitariak saiatu dira puntu bakarreko desabantaila horri buelta ematen, baina bilbotarrak gai izan dira errentari eusteko eta norgehiagoka 25-24ko emaitzarekin amaitu da.
Gauzak horrela, gaurko norgehiagokaren ostean Kanpanzar Arrasatek puntu bat urratu egin du, eta bosgarren postuan jarraitzen du 45 punturekin. Arrasatearren aurretik Bera Bera dago 50 punturekin eta, hirugarren sailkatu Uni Bilbok hiru gehiago ditu, play-offerako muga ezarriz. Puntu bat gehiago Getxok du, egungo bigarren sailkatua, hain justu ere.