2025/3/9 | ISEI BARBERO | Argazkiak: artxiboa

Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilek ezin izan diote bolada onari eutsi, eta zapatu honetan Mojategin Elorrio liderraren kontra jokatutako neurketa 17-21eko emaitzarekin galdu dute. Aurreikusten zen bezala, norgehiagoka parekatua izan da oso eta, lehenengo zati ikusgarriaren ostean, bigarrenean bizkaitarrak gai izan dira errentari eusteko.

Partidu hasiera ez batere ona izan Kanpanzar Arrasaterentzat, ordu laurdena bete orduko 0-14 baitzen aurretik Elorrio. Hortik aurrera, baina, etxekoen susperraldia iritsi da, Andoni Narbaizaren entsegua eta Ibai Portaloren transformazioa eta, minutu batzuk beranduago, zutoinen artera bidalitako zigor kolpearekin. Bazirudien 10-14koarekin joan behar zirela bi taldeak atsedenaldira baina, lehenengo zatiko azken minutuan, Elorriok entsegu berri bat egin eta 10-21eko emaitzarekin hartu dute aldageletarako bidea.

DSC_0574

Bigarren zatia hasi eta berehala Kanpanzar Arrasatek bizkaitarren errenta murriztu egin du, oraingo honetan Salyl Lamsallaken entsegua eta, berriro ere, Portaloren transformazioarekin. 17-21eko emaitza erakusten zuen markagailuak eta bigarren zati osoa zegoen aurretik oraindik, baina hortik aurrera Elorriok Euskal Ligako 1. mailako egungo liderra zergatik den erakutsi du. Bisitariak sendo aritu dira arlo defentsiboan, eta epaileak partidu amaiera adierazi bitartean markagailua ez da gehiago mugitu.

Gauzak horrela, larunbat honetako porrotaren ostean Kanpanzar Arrasatek sailkapeneko bosgarren postuan jarraitzen du 44 punturekin, Uni Bilbo (49) eta Bera Beraren (45) atzetik. Lidergoari Elorriok eusten dio 66 punturekin eta, euren atzetik, orain arte 53 puntu poltsikoratu dituen Getxo dago. Datorren asteburuan play-offerako borrokari begira erabakigarria izan daitekeen lehia izango dute Julen Barrutiaren mutilek, Uni Bilbori egingo baitiote bisita. Ligako azken hiru jardunaldietako bi partidu etxean jokatuko dituzte arrasatearrek, Urgozo eta Eibarren kontrakoak, hain justu ere. Hernaniren kontra, berriz, Landaren jokatuko dute.

Categorías: Seniorrak