2025/3/12 | ISEI BARBERO | Argazkiak: artxiboa
Epe ertainari begira erabakigarria izan datekeen hitzordua izango dute asteburu honetan Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilek, play-offerako borrokan aurkari zuzen Uni Bilbori egingo baitiote bisita. Bilbotarren eta gipuzkoarren artean bost puntuko aldea baino ez dago, eta elkarren artean neurtuko dituzte indarrak, igandean, 12:00etatik aurrera El Fangon.
Iragan asteburuan Elorrio liderraren kontra Mojategin galdu bazuen ere, bolada onean heltzen da igandeko partidura Kanpanzar Arrasate. Izan ere, urtea estreinatu zenetik jokatutako sei partiduetatik lau irabazi ditu talde arrasatearrak. Pasa den astean Elorriok izerdi dezente bota behar izan zuen Mojategitik puntuak eramateko, aurkari oso lehiakorrarekin egin baitzuen topo Mojategin.

Gauzak horrela, baikortasunez beteta joango da Bilbora igande honetan Kanpanzar Arrasate, ahalik eta gehiago joaneko partiduan, Mojategin jokatutako, Uni Bilbo mendean hartzeko gai izan zela aintzat hartuta. Bilbotarrak ere bolada ezin hobean heltzen dira asteburu honetako jardunaldira, jokatutako azken lau partiduak irabazi baitituzte. Testuinguru honetan, partidua orekatuta aurreikusten da domeka eguerdirako El Fangon, detaile txikiengatik erabakitzen den horietakoa.
Asteburu honetakoaren ostean, eta liga amaitu bitartean, beste hiru neurketa izango ditu aurretik Kanpanzar Arrasatek, sailkapenari begira errazagoak diruditenak. Urgozo Mojategin hartu eta gero Hernaniri egingo diote bisita Barrutiaren mutilek, eta liga zaleen aurrean agurtuko dute apirilaren erdialdean, Eibarrek egingo duen bisitarekin.
Neskak Donostiara
Mutilek bezala, AGT Arrasate/Eibarreko neskek ere etxetik kanpo jokatuko dute asteburu honetan, Bera Beraren zelaian, hain justu ere. Norgehiagoka zapatu arratsaldean jokatuko da Donostian, 17:30ean hasita, eta bertan konbinatu gipuzkoarra garaipenaren bidera itzultzen ahaleginduko da.
Gauzak ez dira nahi bezala irteten ari Zabala eta Delgadoren neskentzat bigarren fase honetan, jokatutako lau partiduetatik bakarra irabazi baitute, azken sailkatu Errioxaren kontra jokatutakoa. Gauzak horrela, azkenaurreko sailkatua da AGT Arraste/Eibar hiru punturekin, Bera Beraren atzetik, hain justu ere. Konbinatu gipuzkoarrak larunbat honetan aurrean edukiko duen aurkariak bost puntu poltsikoratu ditu orain arte, kasu honetan ere, garaipen bakarra Errioxa azken sailkatuaren kontra eskuratuta.
Donostiarren kontra jokatu eta gero, eta bigarren fasea amaitu bitartean, beste hiru partidu jokatuko ditu AGT Arrasate/Eibarrek. Martxoko azken asteburua Elorrio/Urgozo konbinatua hartuko dute Mojategin eta, handik astebetera, Errioxa. Azken partidua apirilaren erdialdean izango da, Sarako Izarrari egingo dioten bisitan.

Pirolitikak Madrilera
Arrasate Errugbi Taldeko amen ekipoa, Pirolitikak, Madrilen izango dira asteburu honetan. Zapatuan Alcorconen IV Mater Series Txapelketa izango da eta, bertan, Arrasateko ordezkaritzak parte hartuko du. Hitzordua Santo Domingo kiroldegian izango da, non estatu espainiar osotik joandako taldeek bat egingo duten.
Alcorcon Errugbi Taldeak antolatuta, jardunaldia taldeen aurkezpenekin hasiko da eta, ondoren, izena emandako taldeek elkarren aurka neurtuko dituzte indarrak. Amaieran, sarien banaketa egingo dute. Antolatzaileek aditzera eman dutenez, “zuzeneko musika izango da, baita jateko postuak, merchandising, photocall, sariak eta, noski, hirugarren denbora ahaztezina ere”.