2025/1/22 | ISEI BARBERO | Argazkiak: Artxiboa

Asteburu honetan errugbi gosea asetzeko nahi beste eskaintza egongo da Mojategin, senior mailako mutilek zein neskek etxean jokatuko baitute. Biek ala biek zapatuan izango dute hitzordua: goiztiarrenak neskak izango dira, 13:00etan Elorrio/Urgozo konbinatua hartuko baitute etxean; ordu batzuk beranduago, 16:30ean, mutilek Bera Beraren kontra neurtuko dituzte indarrak.

Asteburu honetakoa bigarren faseko hirugarren jardunaldia izango da AGT Arrasate/Eibarreko neskentzat, iragan asteburuan Gaztediri egindako bisitan aise nagusitu eta gero. Delgado eta Zalbalak zuzendutako taldeak txanponaren bi aldeak ezagutu ditu hasi berria den bigarren fase honetan, estreinaldiko jardunaldian, Uni Bilboren kontra Mojategin jokatutako partiduan, porrota jaso baitzuen.

Testuinguru honetan, eta pasa den asteburuko garaipenaren ostean, bolada onean murgiltzea bilatuko du AGT Arrasate/Eibarrek. Zapatukoa, baina, ez da hitzordu samurra izango konbinatu gipuzkoarrarentzat, Elorrio/Urgozo, orain arte jokatutako bi partiduak irabazita, multzoko liderra baita 10 punturekin. Bizkaitarrek Sarako Izarra eta Bera Bera garaitu dituzte orain arte jokatutako bi jardunaldietan, bi kasuetan etxean jokatutako partiduetan.

AGT Arrasate/Eibar Mojategin jokatutako partidu batean.

Arratsaldean, mutilak

Nesken partiduaren ostean mutilen txanda izango da. Julen Barrutiak zuzendutako taldeak, 13. jardunaldiaren baitan, Bera Beraren bisita izango du 16:30eatik aurrera. Orain arte jokatutako 11 partiduetatik sei irabazita, zazpigarrena da sailkapenean Kanpanzar Arrasate. Sarrailagileek 26 puntu dituzte patrikan, eta iragan asteburuan Baztanen kontra etxean gutxieneko aldeagatik galdu eta gero heltzen dira zapatu honetako lehiara.

Arrasatearrek aurkari zuzena izango dute bisitari, 33 punturekin laugarrena baita Bera Bera. Donostiarrak bolada onean murgilduta daude, azken sei partiduetatik bakarra galdu baitute, Bazten kontra orain dela pare bat jardunaldi jokatutakoa, hain justu ere. Lehen itzulian, Donostian jokatutako partiduan, donostiarren eta arrasatearren arteko lehia etxekoen garaipenarekin amaitu zen.

Kartelera

Zapatuan beste bi hitzordu izango ditu Arrasate Errugbi Taldeak baina, kasu honetan, Elorrioko San Roke errugbi zelaian jokatu beharreko partiduak izango dira. Elorriorekin batera taldea partekatzen duten 16 zein 18 urtez azpikoek Durango eta Errioxa izango dituzte bisitari, hurrenez hurren. Lehenengoek 10:30ean jokatuko dute; bigarrenek, aldiz, 11:45ean. 14 urtez azpikoen kasuan, Gpuzkoako selekzioak entrenamendu saioa burutuko du, Oreretan, goizeko 9:00etan hasita. Ohi bezala, domekan Errugbi Eskola eta Inklusiboko neska-mutikoen txanda izango da: 10:30ean hasita entrenamendu saioa burutuko dute Mojategin.