2024/11/16 | ISEI BARBERO | Argazkiak: artxiboa
Ezin izan du sorpresarik eman eta, zoritxarrez eta aurreikuspenak betez, esku hutsik bueltatu da etxera zapatu honetan Kanpanzar Arrasate. Julen Barrutiaren mutilek kategoriako lider Elorriori egin diote bisita eta, esan bezala, etxekoak nagusitu dira. Azken emaitza 27-14 izan da bizkaitarren alde eta, modu honetan, tinko eusten diote beste astebetez lidergoari.
Partiduko 10. minutua bete baino lehen hartu du aurrea Elorriok; Kanpanzar Arrasateren erreakzioa, baina, berehala iritsi da. 5-0ekoaren bi minutu eskasetara Unai Suinagaren entseguak berriro ere berdinketa jarri du markagailuan, eta ondoren Aitor Abarrategik gauzatuta transformazioak 5-7 jarri du aurretik Kanpanzar Arrasate. Atsedenaldira joan aurretik, baina, Elorriok entsegu berri bat lortu du, eta 10-7ko emaitzarekin hartu dute aldageletarako bidea bi taldeek.
Lehenengo zatian parekotasuna izan bada nagusi, ezin da gauza bera esan bigarrenari buruz. Ordu laurdena bete orduko beste bi entsegu egin ditu Elorriok -horietako bat transformatuz- (20-7), neurketa erabat erabakita utziz. Bigarren zati osoan zehar bizkaitarrek lortutako errentari eutsi diote eta, hori gutxi balitz, neurketa amaitzeko 10 minuturen faltan entsegu berri batekin 27-7koa ezarri dute markagailuan.
Partidua galduta eduki arren, baina, Barrutiaren mutilek amaierara arte borrokatzen jarraitu dute, eta lan horren fruitua arauzko denbora amaitzeko bost minuturen faltan jaso dute. Manex Olabarriak entsegu egin du eta, ondorengo transformazioan, Abarrategi berriro ere eraginkor aritu da. Modu honetan, 27-14ko emaitzarekin amaitu da Elorrio eta Kanpanzar Arrasateren arteko lehia.