2024/11/14 | ISEI BARBERO | Argazkiak: artxiboa
Iragan asteburuan, Arrasate Errugbi Taldeko presidente ohi Ane Agirreren heriotzaren ondorioz, Atletiko San Sebastianen kontra Donostian jokatu beharreko partidua atzeratu eta gero, senior mailako mutilek liga txapelketari berrekingo diote zapatuan. Julen Barrutiaren mutilek Elorrio izango dute geraleku Euskal Ligako 1. mailako 6. jardunaldiaren baitan; norgehiagoka 16:00etatik aurrera jokatuko da San Roke errugbi zelaian eta, bertan, talde zuri-moreak orain direla 15 egun Getxon izandako estropezua ahaztea bilatuko du.
Jokatutako lau partiduetatik bi irabazita, zortzigarren sailkatua da Kanpanzar Arrasate zortzi punturekin. Sarrailagileen atzetik beste hiru talde daude: Durangok bi puntu gutxiago ditu, azkenaurreko sailkatu Urgozo lau punturekin dago eta, sailkapen zuloan dagoen Eibarrek, oraindik ez du puntuen kutxatxoa estreinatu.
Barrutiaren mutilek aurrean izango duten aurkariaren egoera oso bestelakoa da, azken ikasturteetako joerari eutsiz, 19 punturekin ligako liderra baita Elorrio. Bizkaitarrek jokatutako lau partiduak irabazi dituzte, halere, bigarren sailkatu Uni Bilbo puntu bakarrera dute. Zertxobait beherago, hirugarren postuan, Getxo dago 16 punturekin.
Neskak Gasteizen
Mutilek bezala, AGT Arrasate/Eibarreko neskek etxetik kanpo jokatuko dute, Gasteizen, kasu honetan ere zapatu arratsaldean (16:00). Delgado eta Cuevasen neskek Gaztediri egingo diote bisita, orain arteko liderra, jokatutako hiru partiduak irabazita 15 puntu poltsikoratu dituen taldea, hain justu ere.
Gaztedi ez bezala, AGT Arrasate/Eibar sailkapen zuloan sartuta dago, orain arteko lau jardunaldietan -hiru partidu jokatuta, jardunaldietako batean atsedenaldia egokitu baitzaio- garaipen bakarra eskuratuta. Konbinatu gipuzkoarrak porrotarekin estreinatu zuen ikasturtea etxean, Txingudiren kontra galduta. Handik astebetera garaipena ekarri zuten Bilbotik baina, iragan asteburuan, berriro ere amore eman zuten Unben, Elorrioren kontra.
