2024/11/3 | ISEI BARBERO | Argazkiak eta bideoa: Getxo Rugby Taldea
Asteburua ez da ona izan Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilentzat, zapatuan, Fadurara egindako bisita, 41-17 galdu baitzuten Getxoren kontra. Julen Barrutiak ohi baino jokalari gutxiago izan zituen bere aginduetara eta, hori gutxi balitz, etxeko taldean ere Ohorezko Mailako zenbait jokalari izan ziren berdegunean. Kontuak kontu, talde zuri-moreak denboraldiko bigarren porrota jaso zuen, eta etxera esku hutsik bueltatu zen.
Lehenengo zatian bideratu zuen norgehiagoka Getxok, seigarren minuturako 7-0 baitziren aurretik bizkaitarrak. Arauzko aurreneko 40 minutuetan beste hiru entsegu lortu zituzten etxekoek eta, honenbestez, 22-0eko emaitzarekin joan ziren atsedenaldira bi taldeak.
Bigarren zatia hasi eta berehala iritsi zen Kanpanzar Arrasateren susperraldia, Danel Argoitiak lortutako entseguarekin (22-5). Sarrailagileen pozak, baina, etzuen luzaroan iraun, bigarren zatiko ordu laurdena igarota beste bi entsegu eginak baitzituen Getxok, horietako bat gauzatuta.
34-5ekoarekin, baina, Kanpanzar Arrasatek etzuen amorerik eman, eta Ibai Portaloren entseguak itxaropena berpiztu zuen. Partidua amaitzeko bost minuturen faltan Unai Viterik lortutako entsegu berri batek, Portalo beraren transformazioarekin, getxoztarren errentan oraindik gehiago murriztu zuen (34-17). Azken txanpan, baina, etxekoek entsegu berri bat lortu eta, hori gauzatuta, amaierako 41-17koa ezarri zuten.
Zortzigarren
Porrot honen ostean sailkapeneko zortzigarren postuan geratu da Kanpanzar Arrasate, patrikan zortzi puntu dituela. Datorren asteburuan Barrutiaren mutilek Atletiko San Sebastiani egingo diote bisita, eurek baina puntu bat gehiago duen taldea. Hitzordu aproposa sailkapenean aurrerapausoa emateko.