2024/11/7 | ISEI BARBERO | Argazkiak: artxiboa

Pare bat asteko etenaldiaren ostean Arrasate Errugbi Taldeko neskek liga txapelketari berrekingo diote. Euskal Ligako laugarren jardunaldiaren baitan, Cuevas eta Delgadok zuzendutako taldeak Elorrio/Urgozo hartuko du Unben. Norgehiagoka zapatu arratsaldean jokatuko da, 16:00etan hasita, eta bertan konbinatu gipuzkoarrak denboraldiko bigarren garaipena bilatuko du.

Hiru jardunaldi jokatuta, eta horietako batean atsedenaldia edukita, AGT Arrasate/Eibarrek txanponaren bi aldeak ezagutu ditu: Ligako lehenengo partiduan Txingudik eraman zituen puntuak Unbetik eta, handik astebetera, 5-27 nagusitu ziren El Fangon, Uni Bilboren kontra jokatutako partiduan.

Testuinguru honetan, laugarren sailkatua de AGT Arrasate/Eibar bost punturekin, Elorrio/Urgozorekin berdinduta. Gipuzkoarrek bezala, bizkaitarrek ere jokatutako bi partiduetatik bat irabazi dute, estreinaldiko jardunaldian Uni Bilboren kontra etxean jokatutakoa, hain justu ere.

Mutilak Donostiara

Neskek ez bezala, senior mailako mutilek etxetik kanpo jokatuko dute asteburu honetan, Mojategiko atletismo pistan egiten ari diren lanen ondorioz, aurkariekin hala adostuta, aurreko lau jardunaldietan egin bezala. Zailtasunak zailtasun, Barrutiaren mutilek bina garaipen eta porrot jaso dituzte orain arte, eta zortzigarrenak dira sailkapenean zortzi punturekin.

Partidu bat gutxiago jokatuta, Atletiko San Sebastianek ere bi garaipen ditu patrikan, Kanpanzar Arrasatearekiko puntu bakarreko abantaila duela. Gauzak horrela, norgehiagoka honetan nagusitzen den taldeak, denboraldiko hirugarren garaipena eskuratzeaz gain, aurrerapausoa ere emango du sailkapenean. Norgehiagoka zapatu arratsaldean izango da, 16:30eatik aurrera.

Kartelera

Zapatuan beste bi hitzordu izango ditu Arrasate Errugbi Taldeak, eta biak El Fango errugbi zelaian izango dira. Bertan, 18 eta 16 urtez azpiko taldeek Uni Bilbori egingo diote bisita, 11:30 eta 13:00eatik aurrera, hurrenez hurren. Igandean ere galtzak bete lan izango ditu klub zuri-moreak: goizeko 12:00etan, Mojategin, Errugbi Eskolak eta Inklusiboko neska-mutikoek asteroko entrenamendu saioa burutuko dute; 11:30ean, aldiz, 14 urtez azpikoek Ordiziari egingo diote bisita.