2024/3/8 | ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa
Astebeteko etenaldiaren ostean Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilek liga txapelketari berrekingo diote eta, azken hirugarren jardunaldiaren baitan, Eibar izango dute bisitari Mojategin. Norgehiagoka zapatu arratsaldean jokatuko da, 16:00etan hasita eta, bertan, Julen Barrutiaren mutilek garaipenaren bidera itzultzea bilatuko dute, orain direla bi aste Logroñotik esku hutsik etorri eta gero.
Azken jardunaldian egungo bigarren sailkatu Errioxari egin zion bisita Kanpanzar Arrasatek, eta jipoia jaso zuten bertan, etxekoak 56-13 nagusitu baitziren. Testuinguru honetan, sarrailagileek estropezu hori ahaztea bilatuko dute larunbatean, sailkapenean aurrerapauso berri bat emate aldera. Barrutiaren mutilek orain arte jokatutako 15 partiduetatik zazpi irabazi dituzte eta beste bat berdindu, orotara 35 puntu batuz. Egungo seigarren sailkatua da Arrasateko taldea, aurretik Getxo (41) eta Uribealdea (47) dituela.

Barrutiaren mutilek aurrean edukiko duten aurkariaren egoera delikatuagoa da, 26 punturekin azken hirugarren baita Eibar. Armaginek lau garaipen baino ez dituzte lortu aurtengo denboraldian, halere, bolada ezin hobean heltzen dira hitzordu honetara, azken hiru partiduak irabazi baitituzte.
Testuinguru honetan, Kanpanzar Arrasatek tentu handiz ekin beharko dio zapatuko lehiari. Sailkapen fasea amaitu bitartean beste bi partidu jokatuko dituzte Barrutiaren mutilek: Datorren astean Uni Bilbori egingo diote bisita eta, azken jardunaldian, Durango izango da bisitari Mojtaegin.
Kartelera
Seniorrez gain, asteburu honetan beste bi hitzordu izango ditu Kanpanzar Arrasatek, biak domeka goizean. 10:30eatik aurrera Errugbi Eskolako neska-mutikoek entrenamendu saioa burutuko dute Mojategin eta, zertxobait beranduago, inklusiboko taldeak Hernanin burutuko den entrenamendu berezian hartuko du parte.