2023/12/18 | ISEI BARBERO / Argazkiak: R. Barrutia
Domeka goizean bi aurkari zuzen izan ziren aurrez aurren Unbeko errugbi zelaiko berdegunean: AGT Arrasate/Eibar eta Uni Bilbo. Bi taldeen artean lau puntuko aldea baino etzegoen eta, testuinguru horretan, partidu parekatua aurreikusten zen. Usteak, baina, erdi ustel eta azkenean bilbotarrek garaipen argia eraman zuten Bizkaia aldera, 0-61eko emaitzarekin, hain justu ere.
Garaipen honekin Uni Bilbok aurrerapausoa eman du sailkapenean eta, honezkero, hirugarrena da 31 puntuekin. Aitzitik, AGT Arrasate/Eibarrek 21 punturekin jarraitzen du, orain arte jokatutako zortzi partiduetan lau garaipen eskuratuta. Konbinatu gipuzkoarra zazpigarrena da, Txingudiren (16 puntu) aurretik eta Elorrio/Urgozoren atzetik (24 puntu).

Honako hau urteko azken norgehiagoka izan da AGT Arrasate/Eibarrentzat, hurrengo jardunaldia, ikasturteko hamargarrena, urtarrilaren erdialdean jokatuko baita. Egun horretan etxetik kanpo lehiatuko dute Delgado eta Cuevasen neskek, Bera Bera/Ordiziaren zelaian, hain justu ere.
Mutilen porrota
Neskek bezala, senior mailako mutilak ere esku hutsik geratu dira asteburu honetan. Julen Barrutiaren taldeak Durangori egin zion bisita zapatu arratsaldean eta, zoritxarrez, puntuak Arripausuetan geratu ziren, 38-25eko emaitzarekin. Kontrako kasua izan da 18 urtez azpiko taldearena, 35-10 nagusitu baitzen zapatu goizean Mojategin Gaztediren kontra jokatutako partiduan.
0 comentarios