2023/3/22 | ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa

Asteburu hau gorriz markatuta du Arrasate Errugbi Taldeko amen taldeak, Pirolitikak, zapatuan II. Maters Series txapelketa jokatuko baita Bilbon.  Goizeko 10:30ean hasita, hitzordua El Fango errugbi zelaian izango da eta, bertan, estatu osotik etorritako 16 taldek hartuko dute parte.  Antolatzaileek aurreratu dutenez 300 jokalaritik gora izango dira nor baino nor Bilbon, bi kategoriatan banatuta:  konpetizioa eta garapena.

Iazko martxoan eman zituen aurreneko pausoak ART-ko amen taldeak, klubeko zenbait jokalarien amak elkartu eta taldea osatzea bururatu zitzaien momentuan.  Horretarako, ate irekien zenbait jardunaldi antolatu zituzten, eredu gisa Gaztedi Errugbi Elkarteko Kamalehoiak taldea hartuta.  Zentzu honetan, gasteiztarrekin zenbait lansaio burutu dituzte eta, Gasteizen, hain justu ere, debuta egin zuten 2022ko uztailean “Maters Series” izeneko txapelketan. Gasteiztarrekin eta ART-ko beteranoekin batera, Hondarribiko Rugby Beach delako txapelketan ere parte hartu zuten, finalerdietarako txartela eskuratuz.

“Gurea errugbi soziala da, eta garapen liga batean parte hartzen dugu“, azaltzen du taldeko kide Belen Aranbarrik. Azken irteera orain dela hilabete burutu zuten ART-ko amek, Sevillan izandako hiruko txapelketa batean parte hartzeko. Azaroan ere Sitgesen izan ziren lehiatzen eta, hori baino lehen, Bilbon.

Beste hitzordu batzuk

Pirolitikena, baina, ez da izango Arraste Errugbi Taldeak zapatuan izango duen hitzordu bakarra.  II. Maters Series delako txapelketa amaitu eta gero, 18:00etan, AGT Arrasate/Eibarreko nekek salto egingo dute El Fangoko berdegunera, Uni Bilboren kontra indarrak neurtzeko.  Honako hau izango da konbinatu gipuzkoarraren azken hitzordua aurtengo denboraldian. 

Bestetik, Gipuzkoako Selekzioko 15 urtez azpiko neskak Frantzian izango dira, baita ere larunbatean, eta Arrasate Errugbi Taldeak ordezkaritza zabala izango du, Nerea Gerrero, Laia Sanz, Izadi Elortondo eta Leah Moral hautatuak izan baitira bertan izango den txapelketan parte hartzeko.

Azkenik, igandean Errugbi Eskolako 10 eta 12 urtez azpiko neska-mutikoen txanda izango da.  Goizeko 10:45eatik aurrera Iruñeako UPNA errugbi zelaian izango den topaketan hartuko du parte ordezkaritza arrasatearrak, Iruñea, Zarautz eta La Unicarekin batera.

Nerea Gerrero, Laia Sanz, Izadi Elortondo eta Leah Moral ART-ko kamisetarekin Mojategin.

0 comentarios

Deja una respuesta