2023/3/1 | ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa

Iragan asteburuan aurkari zuzen BRT Menditarrak mendean hartu eta gero, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek mailari eusteko borrokan erabakigarria izan daitekeen aurrerapausoa emateko aukera dute.  Julen Barrutiak zuzentzen duen taldea Donostiara joango da zapatuan eta, 16:00etan hasita, Atletiko San Sebastiani egingo dio aurre.

Sei jardunaldi igaro ostean, Kanpanzar Arrasatek bost partidu jokatu ditu orain arte, bigarren postuan dira Julen Barrutiaren mutilak 20 punturekin, multzoko lider BRT Menditarraketik bi puntura baino ez.  Arrasatearren atzetik Uni Bilbo eta Atletiko San Sebastian daude 12 eta zazpi punturekin, hurrenez hurren; hori bai, bakoitza partidu bana gutxiagorekin.  Azken sailkatua Zornotzako Urgozo da, hiru puntu besterik ez dituena.

Bera Beraren kontra Mojategin jokatutako partidua.

Testuinguru honetan, ligaska amaitzeko lau jardunaldi besterik geratzen ez direla, Kanpanzar Arrasate bide onetik doa mailari eusteko borrokan.  Larunbatean Atletiko San Sebastian mendean hartuz gero, erabakigarria izan daitekeen aurrerapausoa emango lukete Barrutiaren mutilek.

Donostiara egin beharreko bisitaren ostean Kanpanzar Arrasatek beste bi hitzordu izango ditu aurretik, azkenaurreko jardunaldian atsedenaldia egokituko baitzaio.  Datorren asteburuan azken sailkatu Zornotzakok bisitatuko du Mojategi eta, apirila hasieran, Uni Bilbori egin beharreko bisitarekin agurtuko dute denboraldia talde zuri-moreak.  Esan bezala, nahikoa izan daiteke geratzen diren hiru partiduetatik bakarra irabaztea beste urtebetez Euskal Ligako 1. Mailan jarraitzeko.

Kartelera

Seniorrenaz gain, larunbatean Arrasate Errugbi Taldeak beste bi hitzordu izango ditu, biak goiz partean.  12:00etan hasita, 18 urtez azpikoak Mutrikuko San Migel zelaian arituko dira Iruñearen kontra.  Eguerdiko 13:00etan, berriz, nesken taldeak Bera Berari egingo dio aurre Unben.  Igandean beste bi hitzordu izango dira:  16 urtez azpikoek Eibarri egingo diote bisita goizeko 11:00etan eta, 10:30eatik aurrera, Errugbi Eskolako 10 eta 12 urtez azpikoek Mojategin izango den topaketan hartuko dute parte Zarautz, Txingudi, Bera Bera B eta Errioxarekin batera.  Aurreikuspenen arabera, 120 neska-mutiko izango dira aurrez aurre zelai arrasatearrean.


0 comentarios

Deja una respuesta