2026/4/26| ISEI BARBERO | Argazkiak: artxiboa

Emakumezkoen Euskal Ligako sailkapen faseko azken jardunaldia jokatu da asteburu honetan eta, honen baitan, Arrasate Errugbi Taldeko neskek garaipen berri bat eskuratu dute, egungo bigarren postua sendotzeko baliagarria dena. Joseba Zabalak zuzendutako taldeak, talde arrasatearrak Urgozo eta Elorriorekin batera osatutakoa, Durango hartu zuen zapatu arratsaldean Zornotzan eta, bertan, garaipen erosoa erdietsi zuen. Azken emaitza 57-21 izan zen etxekoen alde.

Norgehiagoka ondo hasi zen konbinatu euskaldunarentzat, 10. minuturako 19-0 baitzen aurretik Olatz Orokieta, Libe Ibarrondo eta Garazi Berri-Otxoaren entseguei esker, Alea Iracuisen transformazio parearekin batera. Ordu erdia betetzeko bost minuturen faltan Berri-Otxoak bere kontu pertsonaleko bigarren entsegua erdietsi zuen eta, oraingo honetan ere, Iracuisek ez zuen hutsik egin transformazioan, etxekoen errenta 26-0ekora arte handituz.

Une horretan, baina, bisitariek euren aurreneko entsegu lortu zuten (26-7). Etxekoen erantzuna, ordea, berehala iritsi zen, Haizea Zabalaren entsegu parea eta Iracuisen transformazioekin. Bazirudien atsedenaldira 40-7koarekin joango zirela bi taldeak baina, lehenengo zatiaren azken txanpan, Durangok bigarren entsegua egin eta 40-14ko emaitzarekin hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeek.

Bigarren zatiaren hasieran durangarrek markagailua zertxobait gehiago estutu egin zuten, entsegu berri bat eginez (40-21). Hortik aurrera, baina, Zabalaren neskek berriro ere agindu-makila hartu zuten, eta Maider Prieto eta Udane Azkarragaurizarren entseguekin amaierako 52-21ekoa ezarri zuten markagailuan, Geurea RT-rentzat garaipen berri bat eskuratuz.

Jardunaldi bakarraren faltan konbinatu euskaldunak bigarren postuan jarraitzen du 54 punturekin, hiru puntuko errenta duela egungo hirugarren sailkatu La Unicarekiko. Lidergoan Gaztedi da 62 punturekin eta, laugarren postuan, Uni Bilbo dago 44rekin. Gauzak horrela, azken jardunaldian Getxori egin beharreko bisitan Zabalaren neskek garaipena eskuratuko balute, ziurtatuta lukete bigarren postuan amaitzea. Kontrako kasuan, La Unicaren hanka sartzearen zain egon beharko lirateke.

Mutilek Elorrio aurkari igoera fasean

Senior mailako mutilen kasuan, sailkapen fasea amaituta baldin badago ere, jokatzeke zegoen Getxo eta Atletiko San Sebastianen arteko neurketa, bizkaitarrak igoera fasea jokatzeko hautagaiak zirela. Fadurako taldea nagusitu egin da donostiarren kontrako lehian asteburu honetan eta, modu honetan, aurreratu egin du sailkapenean Kanpanzar Arrasate, barrutiaren mutilek laugarren postuan amaitu dutela ligaska.

Gauzak horrela, talde zuri-moreak lehen sailkatua izango du aurkari igoera faseko kanporaketan: ligako txapeldun Elorrio. Bizkaitarren kontrako joaneko partidua Mojategin jokatuko da maiatzaren 9ko asteburuan; bueltakoa, aldiz, San Roken astebete beranduago, maiatzaren 16ko asteburuan, hain justu ere. Arrasatearrek finalerako txartela eskuratuko balute, Uni Bilbo eta Getxoren arteko kanporaketako irabazlea edukiko lukete aurkari.