2025/11/30 | ISEI BARBERO | Argazkiak: artxboa

Ahazteko moduko asteburua izan da Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilentzat, Bizkaia aldetik esku hutsik etorri eta gero, azken jardunaldietako bolada ona amaierara heldu baita. Euskal Ligako 1. mailako seigarren jardunaldiaren baitan Julen Barrutiaren mutilek Faduran jokatu zuten zapatuan eta, Getxoren kontra, 29-3 galdu zuten.

Norgehiagoka ondo hasi zen bisitarientzat, 12. minutuan Ibai Portalok zutoinen artera bidalitako zigor kolpeak 0-3 jarri baitzuen aurretik Kanpanzar Arrasate. Une horretan, baina, amaitu zen partidua Barrutiaren mutilentzat. Izan ere, bi minutu eskasetara Getxok entsegua egin eta markagailua irauli egin baitzuen. Atsedenaldira joan aurretik bizkaitarrek beste entsegu bat lortu zuten eta, horrekin batera, zigor kolpea zutoinen artera bidali. Gauzak horrela, 17-3ko emaitzarekin joan ziren atsedenaldira bi taldeak.

Aldageletatik bueltan, tamalez, ez zen Kanpanzar Arrasateren susperraldirik izan; Aitzitik, Getxok beste entsegu parea egin zuen, horietako bat transformatuz. Testuinguru honetan, partidu amaierara 29-3ko emaitzarekin heldu zen, esan bezala, talde arrasatearraren azken asteetako bolada ona amaierara helduz.

Porrot honen ostean, Getxok aurrea hartu dio sailkapenean Kanpanzar Arrasateri: Bizkaitarrak bigarrenak dira 20 punturekin eta, hauen atzetik eta hamazortzina puntura berdinduta, Kanpanzar Arrasate eta Atletiko San Sebastian daude. Lidergoan Elorriok jarraitzen du, orotara 27 puntu batu dituela. Datorren asteburuan ez da liga jardunaldiri izango baina, bi aste barrua, bosgarren postuan den Baztanek bisitatuko du Mojategi. Nafarrek 16 puntu dituzte.

Categorías: Seniorrak