2025/10/12 | ISEI BARBERO | Argazkiak: Ricardo Santa Cristina

Ezin hobeto hasi dute 2025-2026 denboraldia Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilek, zapatuan, Mojategin, Gipuzkoa Sortzen taldearen kontra jokatutako estreinaldiko partiduan 27-12 nagusitu baitziren. Julen Barrutiaren mutilek bideratuta utzi zuten norgehiagoka atsedenaldirako eta, arreneko 40 minutuetan lortutako 15 puntuko errenta nahikoa izan zen ikasturte berria irribarretsu hasteko. Partidua hasi aurretik talde zuri-moreak elkartasuna adierazi zion herri palestinarrari, euren aldeko pankarta aterata.

Hamargarren minutua bete orduko 6-0 zen aurretik Kanpanzar Arrasate, Ibai Portalok zutoinen artera bidalitako zigor kolpe pareari esker. Horrekin konformatu ez, eta 20. minutura heldu baino lehen Dolararen entseguak, Portalo beraren transformazioarekin, etxekoen errenta handitu egin zuen.

DSC_5871

Markagailuak Barrutiaren mutilen aldeko 13-0ekoa erakusten zuen eta, une horretan, hain justu ere, bisitarien erreakzioa iritsi zen, euren aurreneko entseguarekin. Donostiarrek pozak, baina, gutxi iraun zuen, ordu erdia igarota Haritz Ezpeletak etxekoen bigarren entsegua lortu baitzuen. Oraingoan ere Portalo eraginkor aritu zen transformazioan eta, honenbestez, 20-5eko markagailuarekin joan ziren atsedenaldira bi taldeak.

Aldageletarik bueltan, zelairatu bezain pronto, Kanpanzar Arrasatek 27-5ekoa ezarri zuen, Dolararen kontu pertsonaleko bigarren entsegua eta Portalok gauzatutako hirugarren transformazioarekin. Errenta horrekin Barrutiaren mutilek garaipena bideratuta zuten, eta hanka azeleragailutik nolabait altxatu egin zuten. Testuinguru horretan, Gipuzkoa Sortzen talde donostiarrak entsegua egin eta markagailua zertxobait txukundu egin zuen. Amaieran 27-12 Kanpanzar Arrasate nagusi.

Categorías: Seniorrak