2025/9/17 | ISEI BARBERO | Argazkiak: artxiboa
Uztailean izandako Ohiko Batzar Orokorrean iragarri bezala, Arrasate Errugbi Taldeko amen taldeak, Pirolitikak, Amarians izeneko txapelketa antolatu dute irailaren 20rako, asteburu honetarako. Lehen edizio honetan hiru talde gonbidatu dituzte: Valladolideko Vacceas, Alcorconeko Tigresas eta Donostiako Blasfemmes. Partiduak Mojategin jokatuko dira, eta gonbidatutako ekipoek Eskoriatzako hotel batean hartuko dute ostatu. Arrasatera etortzeko, Udalarekin elkarlanean, autobus zerbitzua izango dute.
“Errugbi munduan izan genuen lehenengo abentura gure amabitxi Kamalehoiek Gasteizen antolatutako Mater Seriesetan izan zen. Esperientzia ahaztezina izan zen, eta gehiago probatu nahi izan genuen, Maters batek ematen dituen bizipenak gehituz. Eta halaxe izan da; gero eta talde, pertsona eta lagun gehiago batu gara, sentimendu bereziekin. Horregatik animatu gara, gure etxean, txapelketa xumea antolatzera”, adierazi dute antolatzaileek. Gaineratzen dutenez, honako hau abiapuntua izatea dute helburu, etorkizunean edizio gehiago antolatzeko asmoa baitute: “Oraingo honetan ezin izan ditugu nahi genituzkeen lagun guztiak ekarri, bai, ordea, nahitanahiez egotea nahi genituenak. Hurrengo edizioetan torneo honek indar gehiago hartzea lortuko dugu”.

Txapelketan Euskadiko Errugbi Federazioko garapen sailean aplikatzen den arautegiaren azken eguneraketa ezarriko da, ekipo bakoitzak hamarna jokalari izango dituela. Norgehiagokak zelai erdian jokatuko dira, eta 10 minutuko bi zati izango dituzte, tartean, bost minutuko atsedenaldiarekin. Zelaian bertan fisioterapia zerbitzua, hidratazio guneak eta janaria egongo dira, besteak beste.
Dena den, antolatzaileek Amarians lagunarteko txapelketa baino “zertxobait gehiago” izatea nahi dute: “Gure bailarari 35 urtez gorako amen errugbia zer den erakutsi nahi diogu, merezi dugun ikusgarritasuna eduki eta, era berean, gonbidatuei asteburuaren oroitzapen bikaina eskaini, urtero ekimena errepikatu ahal izateko”.
Talde argazkia ostiralean
Txapelketa zapatuan jokatuko bada ere, egitaraua ostiralean jarriko da martxan, egun horretan parte hartzaileek talde-argazkia aterako baitute. 18:30eatik aurrera, Arrasate Errugbi Taldeak bere ekipoen aurkezpena egingo du Seber Altuben eta, “txapelketari merezi duen garrantzia emateko, ekitaldi hau gure programazioaren baitan sartu dugu”. Zentzu honetan, gonbidatutako ekipoei argazkian parte hartzeko gonbitea luzatu diete, “ahal den neurrian, joko-kamisetarekin etorri eta familiako argazkian sartzeko”. Ondoren, Sebero Altuben bertan “mokadutxoa” hartuko dutela iragarri dute antolatzaileek, ondoren, “Elma tabernan indarrak hartzeko”
Esan bezala, egun potoloa zapatua izango da. Goizeko 9:00etan Mojategira taldeen iritsiera aurreikusita dago, ordu erdi beranduago, 9:30ean, entrenatzaile, ordezkari eta epaileen bilera egiteko. 10:00etan ongi etorriaren txanda izango da eta, 10:30ean, emango zaio hasiera txapelketari. Dena ondo bidean, 12:30earako amaituko da lehiaketa eta, erdigunera gerturatu eta gero, 13:30ak aldera hirugarren denbora egingo dute Ezkina tabernan. Arratsaldean, Kulturolan denek elkarrekin bazkalduko dute eta, 20:00ak aldera, Kulturaten, sari banaketa eta luntxa izango da. “Ondoren, Arrasateko gaua eta giroa ezagutuko dute gonbidatuek, amaieran autobusez hotelera itzultzeko”, gaineratzen dute antolatzaileek. “Gogo handia dugu eguna iristeko, gonbidatu guztiekin bizipen, une eta esperientzia berriak eraikitzeko”.