2025/4/13 | ISEI BARBERO | Argazkiak: Ricardo Santa Cristina
Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilek garaipena eskuratu dute larunbat honetan. Euskal Ligako azken-aurreko jardunaldiaren baitan, Julen Barrutiak zuzendutako taldeak azken-aurreko sailkatu Eibar hartu du Mojategin eta, euripean jokatutako norgehiagokan, etxekoak 35-19ko emaitzarekin nagusitu dira. Tamalez, garaipen hori ez da nahikoa izan play-offetarako borrokan bizirik jarraitzeko, bonus puntuaren faltan -hiru entsegu edo alde handiagoagatik irabazi beharra zeukaten horretarako- eta azken jardunaldian atsedenaldia izango dutela aintzat hartuta, lehenengo lau taldeen artean sailkatzeko aukera gehienak galdu baitituzte.
Izan ere, jardunaldi bakarraren faltan eta Uni Bilbo eta Atletiko San Sebastianen arteko partiduaren emaitzaren zain, aurreneko hiru sailkatuek -Elorrio (84 puntu), Uni Bilbo (62) eta Getxo (61)- honezkero ziurtatuta daukate play-offa jokatzea. Une honetan Kanpanzar Arrasate laugarren postuan dago 58 punturekin, baina kontuan eduki beharra dago azken jardunaldian Gipuzkoa Sortzen eta Baztanek elkarren aurka neurtuko dituztela indarrak Donostian eta, esan bezala, Kanpanzar Arrasatek atsedenaldia izango duela. Bi talde hauek 55 eta 56 puntu dituzte, hurrenez hurren.
Testuinguru honetan, donostiarren eta nafarren arteko lehia berdinketarekin amaituko balitz, Baztanek 58 punturekin amaituko luke -berdinketak bi puntu suposatzen ditu-, Kanpanzar Arrasaterekin berdinduta. Kasu honetan sarrailagileek average alde edukiko lukete, garaipen gehien daukan taldearen irizpidea edukiko baitzen kontuan (Kanpanzar Arrasatek 13 eta 12 Baztanek). Kasu honetan bakarrik sailkatuko litzateke Arrasateko taldea.
Beste bi aukerak etxekoek edo bisitariek irabaztea lirateke; kasu horretan, garaile suertatzen den taldeak lortuko luke igoera faserako pasea, gutxienez lau puntu poltsikoratuko bailituzke irabazleak, Kanpanzar Arrasatek markatzen duen 58 puntuko muga hori gaindituz. Bi kasu hauetan arrasatearrak kanpo geratuko lirateke.
Gauzak horrela, eta “karanbola” hori ematea zaila dela oso aintzat hartuta, aipatutako salbuespenaren faltan, Kanpanzar Arrasatek amaitutzat ematen du aurtengo denboraldia, azken urteetako lehiakorrenetarikoa. Izan ere, ohikoa izaten dena baino talde gehiago ibili dira borrokan play-offengatik azken unera arte. Barrutiaren mutilek pozik egoteko moduko ikasturtea egin dute, ahalik eta gehiago denboraldi hasieran -Mojategin egiten ari ziren eraberritze lanen ondorioz- izandako zailtasunak eta gero. Talde gaztea da oso Arrasatekoa eta, zorionez, azken unera arte borrokatzen ibili dira ekipo indartsuenekin batera, partidu guztietan lehiakorrak izaten.
Aurten zazpinako txapelketarik ez
Hemendik eta denboraldia amaitu arte dituzten asmoengatik galdetuta, talde zuri-moreko entrenatzaile Julen Barrutiak baieztatu du aurten ez dutela zazpinako txapelketarik jokatuko: “Azken urteetan jokalariek oso nekatuta amaitu izan dute denboraldia eta, horregatik, aurten inongo konpromisorik ez hartzearen erabakia hartu dugu”. Hala eta guztiz ere, Garagardo Azokari begira, eskuartean “sorpresaren bat edo beste” dutela aitortu digu teknikari zuri-moreak.
