2025/4/8 | ISEI BARBERO | Argazkiak: artxiboa
Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilek ligako azken geraleku izango dute asteburu honetan, sailkapen faseko azken partidua jokatuko baitute. Euskal Ligako azken-aurreko jardunaldiaren baitan, Julen Barrutiaren mutilek Eibar hartuko dute etxean. Norgehiagoka zapatu arratsaldean jokatuko da, 16:30ean Mojategin, eta bertan talde zuri-moreak liga garaipen batekin agurtzen ahaleginduko da. Izan ere, datorren asteburuan jokatuko den azkeneko jardunaldian Arrasateko taldeari atsedenaldia egokituko zaio.
Faborito gisa zelairatuko dira Julen Barrutiaren mutilak zapatuan, Eibar egungo azken-aurreko sailkatua baita. Armaginek bi partidu besterik ez dituzte irabazi aurtengo denboraldian, azken sailkatu Urgozo eta euren aurretik dagoen Atletiko San Sebastianen kontra jokatutakoak, hain justu ere. Gauzak horrela, egungo azken-aurreko sailkatuak 10 puntu besterik ez ditu poltsikoratu orain arte jokatutako 18 partiduetan eta, honenbestez, dagoeneko jakin badaki jaitsiera fasea jokatzea egokituko zaiola.

Testuinguru honetan, Barrutiaren mutilek ez lukete arazo handirik izan beharko Eibar garaitzeko. Hala eta guztiz ere, sarrailagileek tentu handiz ekin beharko diote zapatuko norgehiagokari, ahalik eta gehiago iragan astean Hernaniren kontra gertatutakoa ikusi eta gero. Izan ere, sailkapenean puntu dezentera dagoen taldea bada ere, Landaretik garaipena ekartzeko izerdi dezente bota bera izan zuen Kanpanzar Arrasatek.
Liga amaitzeko bi jardunaldiren faltan ART-ko mutilek oraindik aukerak badituzte play-offetarako txartela eskuratzeko eta, horretarako, ezinbestekoa izango da larunbat honetako partidua irabazi. Horretaz gain, aurretik dauden taldeen hanka-sartzearen zain egon beharko dira azken jardunaldian Barrutairen mutilak. Egungo lider Elorriok (79puntu) ziurtatuta dauka igoeragatik borrokatzea eta, une honetan, play-offerako eskubidea ematen duten beste hiru postuetan Uni Bilbo (62), Baztan (56) eta Getxo (56) daude. Nafar eta bizkaitarretatik puntu bakarrera, 55 punturekin eta bosgarren postuan, Bera Bera dago. Azkenik, 54rekin eta seigarren postuan, Kanpanzar Arrasate dugu.
Neskak Iparralden
Iragan asteburuko partidua jokatu barik geratu eta gero, Errioxa norgehiagokara ez zela aurkeztu behar iragarri zuen eta, honenbestez, AGT Arrasate/Eibar 21-0 nagusitu zen, Arrasate Errugbi Taldeko neskak berdegunera bueltatuko dira igande honetan. Goizeko 12:00etatik aurrera Zabala eta Delgadoren neskek Sarako Izarrari egingo diote bisita, bigarren fase honetako bosgarren garaipena eskuratzeko helburuarekin.
Norgehiagoka parekatua aurreikusten da Saren, egungo bigarren sailkatua eta AGT Arrasate/Eibarren artean lau puntuko aldea baino ez baitago. Gipuzkoarrek bezala, Iparraldekoek lau garaipen eskuratu dituzte. Joaneko partiduan, baina, Sarako Izarra 12-37 nagusitu zen, hortaz, mendeku gosez joango dira gipuzkoarrak Sarera.
Asteburu honetakoa bigarren faseko azken norgehiagoka izango da AGT Arrasate/Eibarreko neskentzat, beraz, aukera ona izan badute ikasturteko bigarren urrats hau bigarren postuan amaitzeko.

Kartelera
Seniorren partiduaz gain, zapatuan beste bi hitzordu izango ditu Kanpanzar Arrasatek: Eguerdiko 13:00etan, Unben, 18 urtez azpikoek La Unicaren kontra neurtuko dituzte indarrak; 18:00etan, berriz, 14 urtez azpikoek hiruko txapelketa jokatuko dute Mojategin Gaztedi eta Errioxarekin batera.
Esan bezala, domekan nesken txanda izango da eta, hauekin batera, inklusibo zein Errugbi Eskolako neska-mutikoek ere egingo dute salto berdegunera. Biek ala biek astebururoko entrenamendu saioa burutuko dute Mojategin, ohi bezala, goizeko 10:30ean hasita.