2025/4/6 | ISEI BARBERO | Argazkiak: artxiboa
Uste baino gehiago sufrituta izan bada ere, Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilek urrats berri bat eman dute play-offerako bidean. Izan ere, Euskal Ligako 1. mailako sailkapen faseko azken hirugarren jardunaldiaren baitan, Julen Barrutiak zuzendutako taldea 22-24 emaitzaz nagusitu da Landaren, Hernaniren kontra jokatutako norgehiagokan. Modu honetan, sailkapen fasea amaitzeko bi jardunaldiren faltan sarrailagileek bizirik jarraitzen dute play-offerako borrokan, aurkari zuzenen hanka sartzearen zain daudela.
Hasierako minutuetan parekotasuna izan da nagusi Landaren, eta markagailua ez da mugitu. Ordu laurdena igarota, ordea, etxekoak 5-0 aurreratu dira. Bost minutu eskasetara bisitarien erantzuna iritsi da, Iraitz Arriaranen entsegua eta Ekain Zugastiren transformazioarekin. 5-7koarekin konformatu ez, eta atsedenaldia ate-joka zela bisitariek errenta handitu egin dute, aldageletara 5-14ko emaitzarekin joan direla.
Bigarren zatian hasi eta berehala Hernani berriro ere partiduan sartu da, goizeko bigarren entsegua eginda (10-14). Hori gutxi balitz, ordu laurdena beteta markagailua irauli egin dute etxekoek entsegu berri baten bitartez eta, bost minutu eskasetara, laugarren entsegua egin dute, oraingoan transformazioan asmatuta.
22-14koarekin eta norgehiagoka amaitzeko 10 minuturen faltan partidua maldan gora zuten arrasatearrek baina, zorionez, une horretan bisitarien susperraldia iritsi da. Manex Olabarriak Kanpanzar Arrasateren hirugarren entsegua lortu du eta, berriro ere, Ibai Portalo eraginkor aritu da transformazioa gauzatzerako orduan.
Markagailuak 22-21 erakusten zuen, eta Hernani gutxieneko errenta hori defendatzen ari zela, epaileak sarrailagileen aldeko zigor kolpea adierazi du. Portalok berriro ere baloia kolpatzearen erantzukizuna hartu du eta, arauzko denbora amaitzeko minutu bakarraren faltan, baloia zutoinen artera bidali eta denboraldiko 12. garaipena eman dio Kanpanzar Arrasateri.