2025/3/23 | ISEI BARBERO | Argazkiak: Mondraberri

Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilek bizirik jarraitzen dute playofferako borrokan, larunbat honetan, Mojategin, garaipena eskuratu eta gero. Denboraldiko azken laugarren jardunaldiaren baitan Julen Barrutiaren mutilek azken sailkatu Urgozo izan dute bisitari eta, zorionez, arrasatearrek “tramitea” bete egin dute garaipen erosoa eskuratuz. Azken emaitza 70-26 izan da eta, modu honetan, playoffa jokatzeko aukerak bizirik jarraitzen du.

Kanpanzar Arrasatek partidua hasi bezain pronto bideratu du garaipena, 10. minutua bete orduko 14-0 baitzen aurretik Jokin Dolara eta Manex Barrutiaren entseguei esker, Portaloren transformazioak barne. Ordu laurdena bete aurretik epaileak Urgozoren aldeko zigor entsegua adierazi du (14-7), baina lehenengo zatia amaitu bitartean etxekoek beste hiru entsegu egin dituzte -Solabarrietarena eta, berriro ere, Dolara eta Barrutiarenak- beste horrenbeste transformazioekin -Portalorenak-. Gauzak horrela, 35-7ko errentarekin hartu du aldageletarako bidea Kanpanzar Arrasatek arauzko aurreneko 40 minutuak agortuta.

ARt-urgozo
Kanpanzar Arrasate eta Urgozo nor baino nor Mojategin larunbat honetako partiduan.

Bigarren zatian bizkaitarren nolabaiteko susperraldia izan da, baina hori ez da nahikoa izan sarrailagileen garaipena arriskuan jartzeko. Urgozok hiru entsegu lortu dituen bitartean, Barrutiaren mutilek bost egin dituzte. Oraingo honetan egileak Iraitz Arriaran, Portalo, Manex Olabarrieta, Danel Argoitia eta Txomin Arriaran izan dira eta, guztietan, Portalo zein Abarrategi eraginkor ibili dira transformazioak gauzatzerako orduan. Gauzak horrela, amaieran Kanpanzar Arrasateren garaipen erosoa 70-26ko emaitzarekin.

Hiru jardunaldi baino ez dira falta denboraldia amaitzeko, eta sailkapen burua pil-pilean dago. Elorrio liderrak “birtualki” ziurtatuta dauka txapeldun izatea, playoffa jokatzeko eskubide ematen duten beste lau plazak, aldiz, airean daude. Bigarren postuan Uni Bilbo dago 57 punturekin eta, 55na puntura berdinduta, Bera Bera eta Getxo daude. Bosgarren sailkatu Baztanek 51 puntu ditu eta, bat gutxiagorekin, Kanpanzar Arrasate dago seigarrenean.

Testuinguru honetan, Barrutiaren mutilek aukerak izan badituzte oraindik playofferako txartela eskuratzeko. Horretarako, aurretik dituzten azken bi partiduak -azken jardunaldian atsedenaldia dagokie- irabazi eta aurretik dauden aurkarien hanka sartzearen zain egon beharko dira.

Categorías: Seniorrak