2025/3/4 | ISEI BARBERO | Argazkiak: artxiboa

Astebeteko etenaldiaren ostean, iragan astean inauteriak zirela-eta ez zen jardunaldirik izan, asteburu honetan Euskal Ligako 1. maila berriro ere martxan jarriko da eta, 17. jardunaldiaren baitan, Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilek etxean jokatuko dute. Julen Barrutiak zuzentzen duen taldeak aurkari gogorrari egingo dio aurre Mojategin, kategoriako lider Elorrio izango baitu bisitari. Norgehiagoka zapatu arratsaldean jokatuko da, 16:30ean hasita, eta bertan talde zuri-moreak azken asteetako bolada onari eustea bilatuko du.

Elorriok kategoriako talderik gogorrena dela erakutsi du, orain arte jokatutako 14 partiduetatik bakarra galdu baitu. Testuinguru honetan, lidergoan da bakar-bakarrik, orain arte poltsikoratutako 62 puntuek horretarako errenta nahikoa suposatzen baitute. Izan ere, bizkaitarrek 13 puntuko abantaila dute egungo bigarren sailkatu Getxorekiko; Fadurakoen atzetik Uni Bilbo eta Bera Bera daude, kasu honetan, 44na puntura berdinduta.

Elorrioren kontra, pasa den denboraldian, Mojategin jokatutako partidua.

Eta talde hauen atzetik, puntu bakarrera, Kanpanzar Arrasate dago. Julen Barrutiaren mutilek orain arte jokatutako 15 partiduetatik 10 irabazi dituzte, orotara 43 puntu batuz. Sarrailagileek ez dute ikasturte erraza izan orain arte, denboraldi hasieran, Mojategiko atletismo pistan egiten ari ziren lanen ondorioz, partidu gehienak etxetik kanpo jokatzera behartuta egon baitziren. Zorionez, sasoi horretan uste baino garaipen gehiago poltsikoratu zituzten eta, bigarren itzulian Mojategi gotorleku bilakatuta, nabarmen egin dute gora sailkapenean.

Testuinguru honetan, liga erregularra amaitzeko sei jardunaldien faltan -asteburu honetakoa barne-, Kanpanzar Arrasatek aukerak izan baditu mailaz igotzeko baliagarria den play-offean sartzeko. Elorrioren kontra jokatu eta gero Arrasateko taldeak aurkari zuen Uni Bilbori egingo dio bisita, eta ondoren jokatu beharreko beste hiru partiduak sailkapenaren atzealdean sartuta dauden taldeen kontrakoak izango dira: Urgozo Mojategin, Hernani Landaren eta, liga agurtzeko, Eibar berriro ere etxean. Azken jardunaldian Barrutiaren mutilek atsedenaldia izango dute.

Gauzak horrela, Kanpanzar Arrasatek baikorra izateko arrazoiak izan baditu, batez ere azken asteetan taldeak erakutsi duen joko eta jarrera ikusita. Horretarako, garrantzi handikoak izango dira hurrengo bi partiduak, betiere gainontzekoak ahaztu barik. Izan ere, Euskal Ligako 1. maila bezalako kategoria batean aurkaririk ahulenak ere ezustekoa eman dezake.

Neskek atsedena

Mutilek ez bezala, AGT Arrasate/Eibarreko neskek atseden jardunaldia izango dute asteburu honetan. Zabala eta Delgadok zuzendutako taldea burumakur dabil azkenaldian, bigarren fase honetan jokatutako lau partiduetatik bakarra irabazi baitu. Gauzak horrela, konbinatu gipuzkoarra azkenaurrekoa da sailkapenean hiru punturekin.

Apirila bitartean beste lau partidu izango dituzte aurretik Zabala eta Delgadoren neskek: Bera Berari bisita, Elorrio eta Errioxa etxean eta, ligaxka amaitzeko, Sarako Izarraren kontra, Iparralden.

Kartelera

Senior mailako mutilek bezala, 16 eta 18 urtez azpikoek ere zapatuan izango dute hitzordua, kasu honetan, Iruñean. Lehenengoek 10:30ean egingo dute salto berdegunera eta, bigarrenek, 12:00etan. 10:30ean ere, baina kasu honetan Gasteizeko Lakuako errugbi zelaian, 14 urtez azpikoek Gaztediri egingo diote aurre.

Igandean, Errugbi Eskolaren txanda izango da, Mojategin burutuko den 10 eta 12 urtez azpiko topaketarekin. Arrasateko ordezkariekin batera Eibar, Mutriku, Soraluze, Hernani, Atletiko San Sebastian eta Bera Bera izango dira.