2025/2/18 | ISEI BARBERO | Argazkiak: artxiboa
Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilek aurrerapauso berri bat emateko aukera dute eta, horretarako, Atletiko San Sebastianen kontra jokatuko dute norgehiagoka irabazi beharko dute. Julen Barrutiak zuzendutako taldeak etxean jokatuko du berriro ere, zapatu arratsaldean, 16:30ean hasita, eta azken hiru jardunaldietako bolada onari jarraipena ematen ahaleginduko da.
Urte berriaren estreinaldia ezin hobea izan da Kanpanzar Arrasaterentzat, aurten jokatutako lau partiduetatik hiru irabazi baititu. 2025eko aurreneko partidua baino ez dute galdu Barrutiaren mutilek, Baztanen kontra izan zen, Mojategin, eta gutxieneko aldeagatik (25-26). Orduz geroztik jokatutako norgehiagoka guztietan gailendu dira -Bera Bera, Durango eta Getxo bigarren sailkatuaren kontra-, Mojategi gotorleku bilakatuz.
Gogoratu beharra dago bigarren itzuliko neurketa gehienak etxean jokatzea ari dela Kanpanzar Arrasate, liga hasieran Mojategin egiten ari zien eraberritze lanen ondorioz kanpoan jokatzera behartuta egon baitzen talde arrasatearra. Talde zuri-moreak zapatuan aurrean edukiko duen aurkaria, Atletiko San Sebastian, bere atzetik dago sailkapenean bederatzi puntu gutxiagorekin. Donostiarrak buru-makur dabiltza, azken bi partiduak galdu baitituzte.
Neskak Donostiara
Mutilek ez bezala, Arrasate Errugbi Taldeko neskek etxetik kanpo jokatuko dute asteburu honetan. Iragan domekan Sarako Izarra taldearen kontra Unben galdu eta gero, asteburu honetan garaipenaren bidera itzultzen ahaleginduko dira. Zabala eta Delgadoren neskak Donostiara joango dira zapatuan eta, 16:00etatik aurrrera, Bera Berari egingo diote aurre Anoetako miniestadioan.
Bigarren fase honetan bost jardunaldi jokatuta azken hirugarrena da AGT Arrasate/Eibar zortzi punturekin, orain arte bi garaipen eskuratuta. Donostian topatuko duten aurkaria antzerako egoeran dago, Bera Berak bi puntu gehiago baititu, konbinatu gipuzkoarraren garaipen kopuru berdina eskuratuta. Hori bai, kontuan eduki beharra dago donostiarrek neurketa bat gutxiago jokatuko dutela orain arte.

Kartelera
Senior mailako taldeen partiduekin batera, zapatuan beste hiru hitzordu izango ditu Arrasate Errugbi Taldeak, eta hirurak goiz partean. 10:30ean, Mojategin, 14 urtez azpikoek Errioxaren kontra neurtuko dituzte indarrak. 16 eta 18 urtez azpikoak Bizkaia aldera joango dira, Fadurara, eta Getxoren kontra neurtuko dituzte indarrak 10:30 eta 12:00etan, hurrenez hurren.
Azkenik, domekan Errugbi Eskola eta inklusiboko taldearen txanda izango da. Batzuek zein besteek goizeko 10:30ean izango dute hitzordua, Mojategin, asteroko entrenamendu saioa burutzeko.