2025/2/15 | ISEI BARBERO | Argazkiak: @arrasaterugby
Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilek urrezko garaipena eskuratu dute zapatu honetan, Mojategin, Getxo mendean hartuta. Lehia parekatua aurreikusten zen gipuzkoarren eta bizkaitarren artean eta, oraingo honetan, aurreikuspenak bete egin dira. Emozioz beteriko neurketan azkenean etxekoak nagusitu dira 32-27ko emaitzaz eta, modu honetan, Julen Barrutiak zuzendutako taldeak aurrerapauso berria eman du sailkapen buruko postuetan sartzea aldera.
Hasierako minutuetan jo eta ke aritu dira bi taldeak, eta markagailua ordu laurdena gainditu arte ez da mugitu. Lehenengo kolpea etxekoek eman dute, Segio Riosen entseguaren bitartez. 10 minutu beranduago Andoni Narbaizaren entseguak etxekoen errenta handitu du eta, oraingo honetan bai, Portalok asmatu egin du transformazioa gauzatzerako orduan. Modu honetan Kanpanzar Arrasate 12-0 jarri da aurretik.
Hurrengo minutuetan, baina, partiduak gorabehera asko izan ditu. Ordu erdia bete baino lehen Getxok zuri-moreen errenta murriztu du arratsaldeko aurreneko entseguaren bitartez (12-5). Jarraian, baina, Kanpanzar Arrasatek kolpe berri bat eman du Portalok zutoinen artera bidalitako zigor kolpe batekin. Zoritxarrez, minutu bakarrera bizkaitarrek berriro ere etxekoen entsegu eremua zeharkatu dute, markagailuan 15-12koa ezarriz. Emaitza horrekin joan dira atsedenaldira bi taldeak.
Bigarren zatia hasi bezain pronto Iraitz Arriaranen entseguak, Portalok gauzatutako transformazioarekin batera, 22-12koa igoarazi du markagailura. Hurrengo minutuetan, baina, bisitariek beste entsegu parea egin dute, horietako bat transformatuz, eta aurrea hartu dute (22-24).
Zorionez, arauzko denbora amaitzeko 20 minuturen faltan Manex Barrutiak Kanpanzar Arrasateren laugarren entsegua lortu du eta, modu honetan, zuri-moreak berriro ere aurretik jarri dira -Portaloren transformazioa barne- (29-24). Hori gutxi balitz, partidua amaitzeko bost minuturen faltan jaurtitzaile zuri-moreak etekin ezin hobea atera dio zigor kolpe bati baloia zutoien artera bidalita (32-24).
Getxok, baina, azken hitza eman barik zegoen, eta azken txanpan nolabaiteko urduritasuna piztu du Mojategin, kasu honetan ere zutoinen artera bidalitako zigor kolpe baten bitartez. Zorionez, Barrutiaren mutilak gai izan dira 32-27koari eusteko eta, modu honetan, urrearen balioa duen garaipena eskuratu dute egungo bigarren sailkatuaren kontra.