2025/2/9 | ISEI BARBERO | Argazkiak: Ricardo Santa Cristina

Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilek jarraipena eman diote iragan asteburuan lortutako garaipenari. Zapatu honetan, Mojategin, Euskal Ligako 1. mailako 14. jardunaldiaren baitan jokatutako norgehiagokan Durango hartu dute mendean. Norgehiagoka 28-22ko emaitzarekin amaitu da eta, modu honetan, Julen Barrutiaren mutilek gora begira jarraitzen dute sailkapenean.

Emaitzak erakusten duen moduan, norgehiagoka parekatua izan da, eta ez da batere ondo hasi etxekoentzat, bosgarren minutua bete baino lehen 0-5 aurreratu baita Durango. Etxekoen erreakzioa, baina, berehala iritsi da, Ibai Portalok zutoinen artean bidalitako bi zigor kolpeen bitartez markagailua irauli baitute (6-5) hamargarren minutua bete orduko.

Bisitariak, baina, ez dira kikildu, eta lehen zatiko ordu erdirako berriro ere aurretik ziren markagailuan, lehenengo, zigor kolpea zutoinen artera bidalita eta, ondoren, entsegu berri bat lortuz. Bazirudien 6-15koarekin joango zirela bi taldeak atsedenaldira baina, azken txanpan, Portalok zutoinen artera bidalitako beste zigor kolpeak 9-15ekoa ezarri du.

DSC_9720

Bigarren zatian partiduak ildo beretik jarraitu du, parekotasunarekin, eta ordu laurdena bete arte ez da markagailua berriro ere mugitu. Kasu honetan Andoni Narbaizak lortu du Kanpanzar Arrasateren entsegua eta, Arizaletak transformazioa gauzatuta, markagailua berriro ere etxekoen alde jarri da (16-15).

Bost minutu beranduago Barrutiaren mutilek errenta handitu egin dute, oraingo honetan Iraitz Arriaranen entsegua eta Arizaletaren transformazioarekin (23-15). 20 minutu falta ziren norgehiagoka amaitzeko eta arrasatearren errenta erosoa zirudien. Durango, baina, oraindik amore eman gabe zegoen. Arauzko denbora amaitzeko 10 minuturen faltan bisitarien entsegu berri batek urduritasuna piztu du Mojategin (23-22). Zorionez, segidan, Unai Suinagak arrasatearren hirugarren entsegua lortu du. Oraingoan Kanapanzar Arrasatek ez du asmatu transformazioa gauzatzerako orduan eta, modu honetan, norgehiagoka 28-22ko emaitzarekin amaitu da.

Categorías: Seniorrak