2025/1/28 | ISEI BARBERO | Argazkiak: artxiboa

Iragan asteburuan Elorrio liderraren kontra Mojategin jokatu beharreko partidua 0-21 galdu eta gero, jokalari falta zela-eta ezin izan ziren aurkeztu, AGT Arrasate/Eibarreko neskek etxetik kanpo jokatuko dute asteburu honetan. Igandean, goizeko 11:00etan, Delgado eta Zabalaren neskek Errioxari egingo diote bisita. Pradoviejokoak azkenaurreko sailkatuak dira, eta konbinatu gipuzkoarrak azken hirugarrena; Honenbestez, bi aurkari zuzen izango dira aurrez-aurre Logroñon.

Asteburu honetakoa bigarren faseko laugarren jardunaldia izango da AGT Arrasate/Eibarrentzat eta, orain arte, bi porrot eta garaipen bat eskuratu ditu konbinatu gipuzkoarrak. Zabala eta Delgadoren neskek hiru puntu dituzte patrikan orotara; Errioxak, aldiz, -2. Gipuzkoarrek bezala, Logroñokoak ere ez dira partidu batera azaldu, tamalez, bigarren faseko B multzoan azken jardunaldietan ohikoa bilakatzen ari den gertaera. Azken sailkatu Gaztedi, baita ere, hiru partiduetatik bakarrera aurkeztu ahal izan da.

Pasa den urteko apirilean Errioxaren kontra jokatutako partidua.

Beteranoak Mojategin

Nesken partiduarena ez da Arrasate Errugbi Taldeko hitzordu bakarra izango asteburu honetan, zapatuan, 18:00etan, Herensugeek Mojategin lagunarteko partidua jokatuko baitute. ART-ko beteranoek Hernaniko Azeri Zaharrak izango dituzte bisitari. Klub zuri-moreak zapatuan izango duen hitzordu bakarra izango da honako hau, gainontzeko taldeek, senior mailako mutilek barne, atsedenaldia izango baitute.

Ohi bezala, neskekin batera, igandean ere Errugbi Eskola eta Inklusiboko neska-mutikoen txanda izango da. Asteroko ohiturari jarraituz, biek ala biek entrenamendu saioa burutuko dute, Mojategin, goizeko 10:30ean hasita.

Herensugeak, Bera Berarekin batera, 2022an jokatutako partiduan.